Otxandiano: "Herri proiektu bat jarri behar dugu erdigunean"
EH Bilduk ekitaldi politikoa egin zuen barikuan (apirilak 12) Gernika-Lumon, eta "interes alderdikoien" aurretik "herri proiektuaren" beharra azpimarratu zuen Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak.
Gernika-Lumok “interes alderdikoiak gainditu” eta herri proiektu bat behar duela aldarrikatu zuen Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak barikuan (apirilak 12), Gernika-Lumon egindako ekitaldi politikoan. “Gernika-Lumo apirilaren 21ean gauzatu behar dugun aldaketaren adibide garbia da. Interes alderdikoiak gainditu eta herri proiektu bat jarri behar dugu erdigunean”.
Otxandianoren esanetan, Guggenheim Urdaibaigaz eta Gernikako Ospitalagaz gertatutakoa “agortuta” dagoen politika baten paradigma dira. “Kudeaketa dekadentearen paradigma eta garapen sozial eta iraunkorreko eredu baten falta dira adibide horiek”, zehaztu zuen lehendakariagaiak. Hala, udalerria blokeo egoera batean dagoela gogoratu zuen, “interes alderdikoiak aurretik jartzeagatik”. Ondorioz, behar den irtenbidea “politika berria” dela esan zuen: “Politika berria da irtenbidea. Asmo argia duen gobernu bat, ezberdinen artean lankidetzan aritzen dena eta etorkizuneko proiektu bat eskaintzen duena. Elkarguneak bilatzen dituen proiektua”.
Gernika-Lumo martxan jartzeko lankidetza gune bat eskaini zuen koalizio abertzaleak. “Politika berriak aurrera egin dezan eta aldaketa posiblea izan dadin, EH Bilduk inoizko emaitzarik onenak lortu behar ditu. Gauzak ez aldatzeko eta berdina egiten segitzeko tentazioa dagoelako. Hori ez gertatzeko berme bakarra da EH Bildu, nabarmendu zuen Otxandianok.