Elikagaiak batuko dituzte Gernikaldeko, Gautegiz Arteagako eta Mertzedeko parrokietan
Apirilaren 21tik 28ra bitartean batuko dituzte behar izana duten gazteentzako elikagaiak.
Behar izana dutenei emateko elikagaiak batuko dituzte Gernikaldeako, Gautegiz Arteagako eta Mertzedeko San Bartolome parrokietan. Harribide Fundazioak antolatuta, apirilaren 21tik 28ra bitartean batuko dira elikagaiak aipatutako parrokiotan. Batez ere, pasta eta lekaleak batuko dituztela jakinarazi dute Harribidekoak.
Martxoan, ekimeneko aurkezpenean, Harribideko fundazioko arduradunek azaldu zuten “Ebanjelizatze egitasmoari” lotutako begiradaren haritik doan jarduera dela. “Begirada horrek elkarte abegitsu eta barneratzaileak sortzea bilatzen du. Agiririk eta bizilekurik ez duten etorkinei ematen diegu laguntza”, adierazi zuten antolatzaileek. Aurkezpen ekitaldian izan ziren Harribide fundazioaren eragile nagusienetarikoa den Jose Alberto Vicente abadea eta Medhi eta Otman gazteak. Mehdi eta Otmanek Urdaibaira nola iritsi ziren eta bertan zenbat ikasi duten azaldu zuten.
Bizilekurik ez duten gazteei laguntza ematea da Harribide Fundazioaren helburua. Gazte horiei heziketa emateaz gain, lana eta bizilekua aurkitzen laguntzen diete. Gaur egun, 60 gazte ingururi eskaintzen diote arreta zerbitzua.