Josu Goikoetxeak jasoko du aurtengo Joseba Jaka beka
Bekara aurkeztu diren beste hamabost lanen artean idazle gernika-lumotarraren 'Hiltzailea eta beste ipuin batzuk' proiektua aukeratu du epaimahaiak.
Josu Goikoetxea Gezuraga idazle gernika-lumotarrak jasoko du Elkar Fundazioak banatzen duen aurtengo Joseba Jaka beka. Hiltzailea eta beste ipuin batzuk proiektua aurkeztu zuen bekara idazleak, eta lehiaketara aurkeztutako hamabost lanen artean beka Goikoetxearen lanari ematea erabaki du Irati Majuelo Itoitzek, Itziar Ugarte Irizarrek eta Iban Zaldua Gonzalezek osatutako epaimahaiak.
Egileak 10.000 euro jasoko ditu urtebeteko epean liburua ontzeko, eta liburu hori, gero, Elkar argitaletxeak argitaratuko du. Aurretik, bi liburu kaleratu ditu Goikoetxeak: 2018an kaleratutako Zer luzea negu hau poesia liburua, eta haurrentzako Mia, Marteko robota albuma. Horrez gain, Walt Whitmanen antologia bat itzuli du Munduko Poesia Kaieretarako.
Guztira hamabost lan aurkeztu dira bekara, eta ipuin soltez osatutako bilduma bat definitzea erraza ez izan arren, laginean aurkeztutako ipuinen kalitatea azpimarratu dute epaimahaikideek: originaltasuna, indarra, iradokitzeko ahalmena eta gehiago irakurtzeko gogoa dira nabarmendu dituzten ezaugarriak.
Idazle gernika-lumotarrak eskerrak eman dizkio Elkar Fundazioari eta epaimahaiari, bere lana aukeratzeagatik. “Oso eskertuta nago Elkarrek eman didan aukera honengandik, ezusteko bat izan da”.
Gai jartzaile lanetan aritu ostean, gaztetan zuen zaletasunera bueltatu zen idazlea, idaztera hain zuzen ere. Poesia probatu zuen lehenengo, eta prosara salto egingo du orain. “Bertso ibilbidea amaitu ondoren, bestelako ibilde berri honi ekin nion, aspaldi utzita neukanari. Poesiarekin hasi nintzen lehenengo, eta orain prosarekin saiatuko naiz. Ahaleginduko naiz nire onena ematen, eta ea ipuin liburu polit bat lortzerik dugun”, azaldu du saria jasotzerakoan.
Gaiak ez ditu jakinarazi baina zertzelada batzuk eman ditu: “50 urteko gizon bat naiz, eta seguru aterako dela gizon helduaren krisia, eta zenbait emakumerena ere bai. Bertsoak ere azalduko dira”. Egileak esan duenez, ipuinak irakurleentzat “interesgarriak, mamitsuak eta asetzeko modukoak” izatea bilatuko du.
Sormenaren alde.
Joseba Jaka beka 1996an sortu zen, Jaka zendu zen urtean; bi urtetik behin banatzen zuten literatur beka zen, 2006ra arte banatu zutena. Hamar urteko geldialdia eta gero, 2016an, berriro antolatzea erabaki zuten, baina literatur proposamenei ez ezik, sormen lanetara bideratzeko.
Maiatzaren 23an ospatuko da 2024ko Elkar Sariak emateko ekitaldia, Adunan, eta bertan jasoko du beka Goikoetxeak. Horrekin batera, Ibilbideari Elkar Saria ere banatuko dute egun horretan; hurrengo asteetan jakinaraziko dute sariak nork jasoko duen.