TEAri "ikusgarritasuna" ematea helburu duen jardunaldia, Bermeon
AmaTea Elkarteak antolatu du TEAri buruzko Bermeoko II. jardunaldia, zapatuan [apirilak 13], Nestor Basterretxea Aretoan. Autismoarekiko sentsibilizazioa piztea dute helburuen artean.
Autismoaz Kontzientziatzeko Nazioarteko egunari jarraiki, TEAri buruzko Bermeoko II. jardunaldia antolatu du AmaTea Elkarteak zapatuan [apirilak 13], 12:00etatik 14:00etara bitartean, Nestor Basterretxea Aretoan. Autismoaren Espektroko Nahastea (AEN) daukaten umeen zenbait gurasok osatutako laguntza eta babes taldearen helburua autismoari “ikusgarritasuna” ematea da. Horretarako, iaz hasitako bideari jarraipena eman eta informazio hitzaldia antolatu dute, profesionalei zein herritarrei zuzenduta. Maria Bonales Iturburuaga psikologoa eta haurren psikologian aditu dena izango da hizlaria. Hitzaldiaz haratago, elkarteak sorkuntzatik aurrera eramandako proiektuak eta etorkizuneko erronka eta kolaborazioak ere aurkeztuko dituzte; besteak beste, iaz I. jardunaldia antolatzeaz gain, Bermeoko Gurutze Gorriaren 150. urteurrenean elkarlanean aritu zirela nabarmendu dute elkartetik.
Horrez gain, Bermeoko Mahai jokoak eta Rol Eskola Elkarteak (BREE) maiatzaren 4 eta 5ean antolatutako Warhammer lehiaketan kolaboratzaile izatera gonbidatu dituzte, eta elkartasun zozketa egingo dutela iragarri dute. «Apurka-apurka proiektuak eta ideak aurrera eramaten gabiltza, eta bide horretan jarraitu nahi dugu», azpimarratu dute elkartetik.
Aurten I. jardualdiaren «arrakasta» errepikatzea espero dutela adierazi dute, datozen urteetan «sentsibilizazioa» pizteko lanean jarraitzeko eta ekintzak antolatzeko gogotsu daudelako.