Oihalen tolesduren itzalen artean
Gorputza, lotsa eta lehia parez pare jartzen dituzte Lokatz Loreek euren lehenengo antzezlanean, 'Itzal(iko) bagina' obran. Bertsoa oinarritzat duen antzerki ikuskizuna prestatu dute, baina ez du bertsoaz bakarrik berba egiten, haratago doazen auzi sozialetara salto egiten du.
“Haurtzarotik helduarorako saltoan topo egin –edo, itzalaren itzalez, topo egin ezinean ibili– eta hiru ahotsetara gorputza, lotsa eta lehia parez pare jarri eta argi-ilunez betetako ni-tik gura bidaia proposatzera datoz lehen, bigarren eta hirugarren aulkiko neskak”. Olatz Salvadorren berbak dira, Lokatz Loreek dakarten Itzal(iko) bagina antzezlana bere horretan definitzen dutenak.
Bertsoa oinarritzat duen antzerki ikuskizuna prestatu dute Janire Arrizabalaga Gernika-Lumoko, Izaro Bilbao Mungiako eta Araitz Katarain Mallabiako bertsolariek. Hiru pertsonairen bitartez, barruan dituzten itzalak kanpoko errealitateagaz elkartuko dituzte. Antzezlana bertso munduan kokatutako istorio bat den arren –bertso saio bati buruzko obra da– ez du bertsoaz bakarrik berba egiten, haratago doazen auzi sozialetara salto egiten baitu: generoa, osasun mentala, familia nuklearra, meritokrazia… “Bertso munduan kokatzen gara obran, baina ez da bertso munduaren kritika bakarrik; edozein esparrutara zabal daitekeen hausnarketa da. Hiru neska gara mundu publikoak zeharkatzen dizkigun errealitate ezberdinak erakusten ahalegintzen garenak”, azaldu du Arrizabalagak.
Eta hori guztia oihal baten aurrean eta atzean kokatuz irudikatzen dute bertsolariek, argi jokoekin jokatuz, itzaletan ezkutatuz edo horiek aprobetxatuz, gorputzekin antzeztuz eta bertsoekin berba eginez. Ze, oihala da barne munduko bakardadea eta talde kolektiboa uztartzeko erabiltzen duten tresna. “Oihalaren aurrean jartzerakoan, kanpoko mundua iradokitzen dugu, hau da, oholtzan abesten dugunon errealitatea, eta, oihalen atzea kokatzerakoan, itzalen joko bati esker, norberaren barne mundua iradokitzen dugu, pertsonaiek barrutik sentitzen dutena adierazten dugu”, hausnartu du bertsolari gernika-lumotarrak.
Esperientzia propioetatik eraikitako lana da, pertsonaia bakoitzeko kolore eta sentimendu bat erakusten duena: lehiakortasuna, lotsa eta gorputza. “Zelan bizi izan dugun lehia, zelan bizi izan dugun lotsa eta zelan bizi izan dugun gorputza erakutsi gura izan dugu, baita horiei kolektiboki zelan aurre egin ere. Hausnarketa kolektibo bat bultzatu gura dugu. Argi utzi gura dugu denok oihal edo sistema baten atzean gauden arren, eta bakoitzak norbere arazo propioak dituela dirudien arren, ez garela konturatzen arazo guztien funtsa berbera dela, sistematikoa dela, eta denok gaudela oihal beraren atzean. Elkarregaz apurtu behar dugu oihal hori”, adierazi du Arrizabalagak.
Hain zuzen ere, Nerea Ibarzabal bertsolariak dio bertsotan egiteko, egoteko eta jagoteko “modu eder eta irudimentsu bat” dakarkiela Lokatz Loreek.
Sormen prozesua.
Itzalek leku garrantzitsua hartuko dute ikuskizunean, teladun markoen atzean proiektatuko baitira zenbait pasarte, eta iazko ekainean hasi ziren sortzaileak horiek guztiak prestatzen. “Araitzek eta nik ez dugu antzerkian esperientzia askorik, baina Izarok izan du, antzerki eskolan ibilia delako. Baina azpimarratu behar dugu Iraitz Lizarraga izan dela zuzendaria, antzerkitik datorrena, eta berak asko lagundu digula. Guk gidoia eta bertsoak egin ditugu, eta berak esan zigun gidoi hori edo bertso horiek zelan gorpuztu”, aitortu du Arrizabalagak.
Lankukoen proposamena jaso ostean, uda osoa igaro zuten bertsoak prestatzen eta idazten; ordubete inguruko lana egin dute bertso bakoitzeko, gutxi gorabehera: “Edozein bertso saiok inprobisazioa eskatzen du, bertsoak ezin dira prestatu, baina gidoi idatzi batek lanketa handia eskatzen du”. Uda ostean ekin zioten lanari, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa amaitutakoan, “gidoiak ere atseden hartzeko”, eta abendutik astero entseatzen aritu dira.
Eta estreinatu dute dagoeneko, Loraldian egin baitzuten aurrestreinaldia. Oholtza zapaldu zuten, baina ez ziren bertsolari legez aritu, antzezle modura baizik. Ondorioz, “urduritasuna” nabaritu zutela aitortu dute bertsolariek. “Urduri geunden, edozein plazatan baino urduriago, batetik zelan antzezle lanetan zelan arituko ginen ez genekielako, eta, bestetik, zerbait ahazteko beldurra genuelako, gidoiko atalen bat ez akordatzearena”, onartu dute. Baina hiru dira taldean, konplizeak dira, eta batek huts eginez gero, besteek lagunduko diotela badaki. Hala, aurrestreinaldia, “oso ondo” joan zela diote, publikoaren erantzuna “bikaina” izan zela azpimarratuz: “Espero ez genuen lekuetan egin zuten barre, eta espero ez genuenetan egin zuten negar. Amaieran, gainera, txalo zaparrada jaso genuen”.
Hirukote “bikaina” osatzen dutela diote, sortzaileak direlako, eta lagunak ere bai. “Egia da lehenengoz taldea sortu genuenean, ez genuela elkar ezagutzen. Gure lehenengo dinamikak sortzaile dinamikak izan ziren, eta gero sortu genituen lagun dinamikak. Alderantziz denean, botere dinamika batzuk erreproduzitzen dira sortze prozesuan, baina gure erara, lehenengo elkarregaz zelan sortzen genuen ikasi genuen, eta gero bihurtu ginen lagun. Elkar elikatzen gara eta gure harremanetan ere eragiten du sortzaile lan horrek”, azaldu du Arrizabalagak.
Berrizen ariko dira zapatuan, 19:00etan, kultur etxean, eta Loraldikoaren ostean, aurkezpen “osoago” bat izango dela aurreratu dute, Loraldiko eszenatokian egin ezin izan zituzten argi jokoak egingo baitituzte bertan: “Indartsuagoa izango da bisualki, eta obra bere osotasunean erakutsiko dugu. Bertsozale ez direnentzako lana izatea ere gura genuen, edukia lar pisutsua egiten zaienentzako ere prestatutakoa; horregatik da da bisualki oso polita”. Jakinarazi dute maiatzera bitartean zenbait aurkezpen egingo dituztela, eta gero, urrian bueltatuko direla, urtebetez herriz herri aritzeko.