Bonbardaketaz akordatuz
Joseba Sarrionandiaren olerkietan oinarritutako antzezlana da Sarri min ematen du akordatzeak. Lizeo Antzokian egongo da ikusgai datorren martitzenean, eta besteak beste, Gernikako bonbardaketa jorratuko dute.
Gero eta gutxiago falta da Gernikako bonbardaketaren urteurrenerako. Urte guztian zehar gernika-lumotarren oroimenean dagoen data den arren, apirilaren 26a hurbiltzen doan heinean hasten dira herritarrak bonbardaketaz oroitzen. Gogorapen horiekin batera iristen dira bonbardaketarekin lotutako lehen ekitaldiak. Apirilaren 16an, maritzenean (19:00), Sarri min ematen du akordatzeak antzezlanak hartuko du Gernika-Lumoko Lizeo Antzokia. Gernika Memoriaren Lekukok eta Kultur Etxeak elkarlanean antolatutako antzerkia da, eta Ibarrekolanda BHIko 27 ikasle izango dira protagonistak.
Ibarrekolanda BHI Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan arte eszenikoak lantzen hasi zen lehen institutua da: 10 urte baino gehiago daramatzate horretan. Bertan, musikarekin edo gorputz adierazpenarekin lotutako irakasgaiak erakusten dituzte.
Igor Martin de Vidales antzezlaneko zuzendaria arte eszenikoen irakaslea da; eskoletan, noizbehinka, olerkiez osatutako pasartetxoak lantzen ditu, eta joan den ikasturtean, Joseba Sarrionandia Sarri-ren poema batzuk lantzen ibili zen. Prozesu horretan murgilduta zenbiltzala, Sarri Deustura, institututik hurbil dagoen toki batera, joan zen hitzaldia ematera. Hori jakinda, Ibarrekolandakoek Sarri gonbidatu zuten beraienera, eta ikasleek bere olerkiak antzezten zituzten bitartean, idazle iurretarrak letren zergatia azaldu zien.
Sareetan oihartzun.
Institutuan egindako antzezpen hori sareetan zabaldu zuten, eta ezustekoan, zabalkunde handia izan zuen. Sareetan izandako arrakastari ezker, Berritzeguneko ordezkaeriei iritsi zitzaien lana. Berritzeguneak ikastetxeei eta irakasleei prestakuntzan eta hezkuntzaren berrikuntzan laguntzeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zentroak dira.
Lana horrenbeste gustatu zitzaienez, Berritzeguneak antolatutako Eskola Hiztun Bila jardunaldietan parte hartzeko deia egin zieten. Eskoletan normalizazio linguistikoa lortzeko helburuz antolatzen diren jardunaldiak dira urtero azaroan antolatzen dituztenak, eta Sarrirekin batera, jardunaldien amaiera- ekitaldia antolatzeko proposamena helarazi zieten.
Amaierako ekitaldiari esker izango dira datorren martitzenean Lizeo Antzokian Ibarrekolandako ikasleak. Izan ere, ekitaldi horrek izugarrizko erantzun ona izan zuen gerturatutakoen artean, eta, jarraian, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait eskoletan antzezteko aukera heldu zitzaien. «Hamabost minutuko pieza bat sortu behar genuen. Hilabeteetako lanaren ostean, pieza sortu eta musika, poesia, dantza eta antzerkia uztartzen zituen lan bat egitea lortu genuen. Itsusia da nik esatea, baina hamabost minutuko piezak izugarrizko arrakasta izan zuen. Gerturatutako 400 irakasleek zutik amaitu zuten ikuskizuna, eta horietako askok hunkituta amaitu zuten ekitaldia; negar malkoak ere ikusi genituen irakasleen aurpegietatik jaisten», adierazi du Martin de Vidalesek.
Jendearen erantzunarekin harro, eta eskoletara joateko eskaintza mordoarekin, hamabost minututako antzezlan batekin konformatu ezin zirela erabaki zuten, eta pieza luzeago baten sorkuntzan murgildu ziren. Emaitza ia ordu bateko lana izan da.
Sarriren gaiak.
Gernika-Lumora ekarriko duten antzezlanaren erroa Sarrik bere ibilbidean zehar sortutako olerkiak dira. Lanaren ildo narratiboak idazleak bere poesiagintzan landu dituen hainbat gai lotzen ditu. «Erbesteratzea, Gernikako bonbardaketa, euskararen galera eta gerra desberdinak aipatzen dira. Izan ere, gerrak izaten dira erbesteratzearen arrazoia kasu askotan, eta Sarrik bere ibilbidean zehar sarri jorratu dituen gaiak izan dira bata zein bestea; askotan, elkarren eskutik joanda», azaldu du zuzendariak. Horiez gain, kartzelako bizipenak, Euskal Herriak herri bezala izandako aldaketa eta mundu mailako problematikak jorratzen dituzte: lanaren helburua izan da Euskal Herriaz haratago bizi diren problematikaz ere hitz egitea.
Apirilaren 26a horren hurbil izanda, ezinezkoa zen Gernikako bonbardaketaren inguruko olerkirik eta abestirik ez aukeratzea. Obraren zuzendariak aurreratu duenez, bonbardaketa jorratzeko, Sarriren olerkia Eñaut Elorrietaren Gernikan abestiarekin lagunduta antzeztuko dute. Gogoratu duenez, abesti horrek bonbardaketan hildako pertsonak oroitzen ditu, eta Picassoren Guernica laneko animaliak uztartzen ditu. Bonbardaketa bat zer izan daitekeen irudikatzen saiatuko dira.
Obraren erroa olerkiek kontatzen dutena bada ere, musikak eta argien jokoak berebiziko garrantzia daukate antzezlanean. Olerki bakoitzerako musika eta argiztapen berezi bat aukeratu dituzte, eta produkzio horretaz arduratu da Ibarrekolandako ikasle ohien talde bat. Aukeratutako kantuen artean izango dira Eñaut Elorrieta, Berri Txarrak, Mikel Laboa eta Ruper Ordorikaren sorkuntzak.
Obra gaztea.
Martxoaren 22an aurkeztu zuten Sarri min ematen du akordatzeak obra Loraldia festibalean. Gernika-Lumokoa, bigarrena izango da, eta hobekuntzekin dator, Lizeo Antzokiak baliabide hobeak eskaintzen dizkiete-eta.
Gernika Memoriaren Lekukotik nabarmendu dute obra «oso interesgarria» izango dela. Horrelako gaiak lantzen dituen obra bat «ezin dela pasatzen utzi» adierazi dute, eta jendea animatu nahi dute Lizeo Antzokira hurbiltzera. Historiaren transmizioan arteak ere «garrantzi handia» duela uste dute. Gogoratzeari uzten dena baino ez baita hiltzen.