San Pedro jaietarako kartel lehiaketan, abian
Apirilaren 24ra bitarteko tartea dago Mundakako jaietarako kartel lehiaketan parte hartzeko.
Mundakako Udaletik aditzera eman dutenez, zabalik dago aurtengo San Pedro jaietako kartel lehiaketarako izen ematea. Beste urte batez, txapelketa herrikoian gailentzen den parte hartzailearen kartela izango da Mundakako jai nagusietako azala. Lehiaketan parte hartzeko aukera apirilaren 24ra bitartekoa izango da, egun hori barne. Partaide bakoitzak, gehienez, lan bi aurkeztu ahalko ditu. Gaiari eta kartela egiteko baliatutako teknikari dagokionez, libreak izango dira. Proposamenak DIN A2 formatuan, euskarri zurrunean eta formatu digitalean aurkeztu beharko dituzte, San Pedro jaiak 2024 Mundaka lelopean eta egilearen sinadurarik gabe.
Mundakako Udalaren udal bulegora (Agirre Lehendakaria plazan kokatua) aurkeztu beharko dituzte lanak; bulegoko ordutegia 09:00etatik 14:00etara artekoa da. Epe horretatik kanpo aurkeztutako proposamenak ez dituztela onartuko adierazi dute. Aurkezteko moldea ondorengoa izango dela azaldu dute udaletik: zarraturiko gutunazalaren barruan eta egilea identifikatzeko datuak dituen orriagaz batera aurkeztu beharko dira lanak; hain zuzen ere, dokumentu horretan bai egilearen telefono zenbakia, bai bere NAN zenbakia ipini beharko dituzte.
Sariketa.
Lehiaketako garaileak 300 euroko saria poltsikoratuko du. Era berean, aurkeztutako kartelek behar bezainbesteko mailarik ez dutela aintzatesten bada, saria banatu gabe geratuko litzatekeela azaldu dute. Kasu horretan, udalak hautatutako egile batek presazko kartela prestatuko luke. Epaimahaia udalak izendatuko du, eta epaimahai horren erabakiak eztabaidaezinak izango dira. Kartel irabazlea udalaren eskumenekoa izango da; hori horrela, egileak kartel horren gaineko eskubide guztiak laga dituela ulertuko da.
Saririk jaso ez duten lan originalak, bestalde, udal bulegoetan bildu ahalko dituzte. Sariari dagokionez, oraindik zehaztu barik dagoen leku eta egunean banatuko dute.