Mendekano Kurtzio gurutzea, etxera bueltan
Amaitu dituzte Mendekano Kurtzio gurutzearen eraberritze obrak. Monumentua dagoeneko dagokion tokian dago: izen bera duen Mundakako plazatxoan.
Udal ordezkariak, gurutze aurrean. Argazkia: Mundakako Udala. Mendekano Kurtzio gurutzea, zerbait izatekotan, udalerriko historia, kultura eta arkitekturaren altxorrik preziatuenetako bat da. 1611. urtean eraiki zuten, Rodrigo Abad de Mendekanoren aginduz. Berpizkunde berantiarraren erakusle da: inskripzio epigrafiko bat du bere oinarrian; goiko partean, ostera, pasarte bibliko bi bistaratzen dituzten bi eskultura. Gurutzeak 4,42 metroko altuera du. Berrikuntzekin, aipaturiko xehetasun horiek guztiak jagon dituzte. 1982an lekualdatu zuten monumentua egun dagoen plazara, ordura arte errepide bazter batean baitzegoen.