Antonio Aldayturriagaren lobak Gernikako 269 Memoriala bisitatu du
Pazko Astean, Antonio Aldayturriaga Ayalaren familiakoek Gernika-Lumoko 269 Memoriala bisitatu zuten; haren loba hurreratu zen udalerrira, 1939ko martxoaren 24an hildako aitona non lurperatu zuten ezagutzera. Pipergorri taldeko kideak lagun zituela egin zuen bisita, eta aitonaren omenez, Maitasunez, zure semea, errena eta loba mezua zeraman zintadun lore zorta utzi zuen memorialean.
Pipergorrikoek jakinarazi dutenez, Aldayturriaga itsas makinista zen, euskal deituraduna baina jaiotzez cadiztarra eta Bartzelonan bizi zena. “La Retirada deitutakoan, Frantzia aldera jo, Pirinioen aldea zeharkatu eta Irunen sartzerakoa preso hartu eta handik Urduñako kontzentrazio esparrura bialdu zuten. Hilabete eskasean gutunak idatzi zituen etxera, abalen eske, Urduñan 5.000 preso inguru zeudela esanaz batera”, aitortu zuten.
Familiak jakinarazi duenez, ez zuen gerran parte hartze zuzena izan, eta aske geratuko zela pentsatzen zuen, abalak lortuko zituelako, bere andre eta sei eta bi urteko seme-alabekin batzeko. “Neguko baldintza haietan, baina, laster larri gaixotu zen, eta Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrera (GGPOM) bialdu zuten. Egun bi geroago bertan hil zen”, jakinarazi dute Pipergorrikoek.
Aldayturriaga familiagaz izandako hartu emana Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrari buruzko liburuaren ostekoa izan denez, bere biografia oraintsu zabaldu dute, azken zenbakidun Aldaban.