Itsas ingurua eta artadia uztartu dituen ibilbidea
Gernika-Lumon hasi eta Zendokizera arte iritsi zen Berbalagunen tropela.
Korrikak herriz herri zeharkatu du Euskal Herria. Gernika-Lumoko eta inguruko berbalagunek, berriz, Urdaibaiko altxor eta txokorik ederrenak zeharkatzen dituzte hilabeteroko azken domeketan. Berbalaguneko antolatzaileek azaldu dutenez, “euskara ahoan eta Euskal Herria bihotzean” dutela osatzen dituzte ibilbidea berbalagunek, eta azkenengo txangoan ere horrela izan da.
Martxoko ibilbidean, Gernika-Lumotik abiatu eta itsasadarraren paretik doan ibilbidetik egin zuten lehen zatia. Goi estuario zeharkatu ostean, Kortezubira, eta ostean, Gautegiz-Arteagara iritsi ziren ibiltariak.
Urdaibai Bird Centerretik, gaztelutik, Ozolloko marea errotatik eta San Lorenzo ermitatik igaro ostean, artadian sartu zen tropeltxoa. Artadiak eskaintzen duen “ondare naturala eta bakea ederra” dela azaldu dute.
Ibilbideko azken zatian, basoaren bihotzean murgildu ziren; “basurde eta orkatzen zaintzapean” egon ziren. Urdaibaiko eskualdean lehen gizakiak ibili ziren bideetatik iraganera bidaiatzeko aukera izan zuten. Artadia zeharkatu ostean, Zendokizen bukatu zuten ibilbdiea.