22 egur lote banatu ditu Nabarnizko Udalak
Herriko mendi publikoetan dauden bi lursailetan egin dituzte mozketak, eta jakinarazi dutenez, bi eremuetan egin duten bigarren entresaka da.
Azken urteetan egin modura, sutara botatzeko egurra herritarren artean banatu du Nabarnizko Udalak. Herriko mendi publikoetan lortutako 22 loteak 25 herritarren artean banatu ditu, doan; iaz 27 lote banatu zituzten 19 herritarren artean. “Aurten eskaerak baino lote gutxiago egon direnez, hiru eskatzaile loterik barik geratu dira”, azaldu dute udal agintariek.
Banatutako egur loteak lurrean daude zatituta, eta zortedunak egokitutako loteak batu behar ditu; horretarako, loteak non dauden azaldu diete ordezkariek zortedunei.
Herriko mendi publikoetan dauden bi lursailetan egin dituzte mozketak, eta jakinarazi dutenez, bi eremuetan egin duten bigarren entresaka da. “34 urteko eremuan egin da entresaketako bat, pagoa, haritz amerikarra eta gerizondoa dauden eremuan. Beste eremuak, pagadi eremuak, berriz, 20 urte ditu, eta horri ere bigarren entresaka egin zaio”, azaldu dute ordezkariek.
Hain zuzen ere, zuhaitzak tartekatu eta itxura edo egoera txarrean daudenak moztu dituzte, besteak hobeto eta espazio gehiagogaz haz daitezen: “Garrantzitsua da horrelako mozketak egitea, euren hazkundea hobetzeko. Ze oso astiro hazten diren zuhaitzak dira horiek, eta hori egin ahala, espazio gehiago behar izaten dute; distantzia handiagora egon behar dira”.
Mozketak egiteko zuhaitz markatzea Bizkaiko Foru Aldundiko basozainek egin dute, udal arduradunak lagunduta, eta baso lanetan dihardue enpresa batek moztu eta prestatu ditu. Lanok udalak ordaindu ditu.