Urdaibaiko gastronomia erakutsiko dute Bilbao Basque FEST jaialdian
Urdaibaik Bilbao Basque Fest jaialdiagaz bat egingo du aurten ere. Aste Santuan ospatzen den euskal kulturaren hitzordu handienetako bat da, gustu guztientzako 200 jarduera baino gehiago prestatu dituztelako. Bihar (martxoak 27) hasiko da jaialdia, eta domekara bitartean iraungo du, 156 artista bilduz; kontzertuak, dantzak, bakarrizketak eta kaleko ikuskizunak egingo dituzte, besteak beste. Era berean, dastaketei esker, publikoak lurraldeko produkturik onenak gozatzeko aukera izango du.
Areatzan kokatuko da Urdaibaiko Gourmet Txokoa. Puntu horretan bilduko dira euskal gastronomia erakusteko postuak, eta Urdaibaiko eskaintza turistikoa eta erakargarritasun naturala, kulturala, ondarea eta gastronomikoa susuatzeko postua ere bertan egongo da; etzi, barikuan eta zapatuan zabalduko dute Urdaibaiko postua, 11:30etatik 14:30etara eta 16:00etatik 19:30era.
“Informazio turistikoa zabaltzeaz gain, Urdaibaiko Esentziak izeneko salmenta puntuari esker, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunera atxikita dauden Urdaibaiko kontserbera eta upategietako produktuak dastatzeko eta erosteko aukera egongo da”, azaldu dute. Horrez gain, txakolina eta kontserbak uztartuko dituzten bi dastaketa egingo dituzte, etzi eta barikuan, 12:00etan; Jon Andoni Rementeria (Remenetxe jatetxea) Espainiako sumiller txapelduna izango da anfitrioia.
“Bilbao Basque Fest gure eskualdea sustatzeko aukera paregabea da, hainbat arrazoirengatik. Aste Santuko egun hauetan Bilbon turismoa egiten ari diren pertsonengana iristeko aukera ematen digu, Urdaibai bezalako helmuga artistiko jasangarri bat ezagutzera emateko, bere erakargarritasun ugarigaz”, azaldu du Aitziber Ansotegi Busturialdeko turismoa kudeatzeaz arduratzen den Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerenteak.
Bestetik, lurraldekoei gogoratu gura diete Bilbotik 30 kilometro eskasera Biosfera Erreserba bat dutela, proposamen harrigarriak eskaintzen dituena: “Horretarako, gure eskualdeko produktu onenekin bertaratzen gara, dastaketa batzuk antolatuz. Bilbao Basque Fest jaialdia erakusleiho ezin hobea da gure erakargarritasun turistikoak eta tokiko gastronomia aurkezteko”.