Goitisolok Lau Haizeta Trailen orrialde berri bat idatzi du
Paul Goitisolo Otazuak Lau Hauzeta Trail lasterketa irabazi du. Mungiak, lasterketa horrez gain, Trail Atletismoko Euskadiko Txapelketa ere hartu du; lehia horretan Ibon Bilbao bigarrena izan da. Alluitz De Bilbao eta Jone Oar-Arteta ere Euskadiko txapeldun izan dira.
Mungia Lau Haizeta Trail lasterketaren kokaleku izan zen iragan domekan [martxoak 24]. Busturialdeko ordezkaritza zabala egon zen 26, 13 eta zazpi kilometroko probetan. Ordezkaritza ez ezik, maila erraldoia ere erakutsi zuten, garaipen sendoak eta distiratsuak lortuz. Lasterketak, gainera, Trail Atletismoko Euskadiko Txapelketa ere hartu zuen. Lehia horretan ere ez ziren atzean geratu.
Proba nagusian, 26 kilometrokoan, Arrolape Mendi Klubeko Paul Goitisolo Otazua gernika-lumotarra jaun eta jabe izan zen. 02.12.57ko denboran egin zituen lanak. Podiumean, gainera, lagun eduki zituen bere taldekide bi: Aritz Martin Olabarrieta arratzuarra (02.15.18) eta Iker Astoreka muxikarra (02.16.18).
Goitisolo garaipenagatik “harro eta pozik” agertu da. Bazekien sasoi puntu “oso onean” zegoela eta ibilbide luzeko mendietara igoerak “ederto” egokitzen zaizkiola: “Jata inguruko igoera eremura bitartean, erregulatuz eta indarrak ondo kudeatzen saiatu naiz; Ibon Bilbao lagun eta herrikideak aurrea hartu zuen beste korrikalari bategaz, baina erabaki nuen, itsutu ordez, neure erritmoari eustea. Azkenean, goranzkoan harrapatu nuen lasterketa burua eta, apurka-apurka, aurkariak atzean utzi nituen; helmugara zelanbaiteko lasaitasunez ailegatu ahal izan nintzen”.
02.12.57ko denbora eginda, Goitisolok lasterketako errekorra hobetu zuen
Goitisolok, bestalde, lasterketako egun arteko errekorra bota zuen. Ez zuen areriorik izan. Arrolapetarrek, podium osoa bereganatuta, taldekako sailkapena ere irabazi zuten. Ibon Bilbao Arrien gernika-lumotarrak, ostera, bigarren amaitu zuen Euskadiko Txapelketa, 02.19.28ko denbora eginda. Ibai Ormaetxea Ezpeleta durangarrak hartu zion aurrea Gernika Atletismo Taldekoari.
Gernika AT, nahieran.
13 kilometroko proban, Javier Goitia Omaetxebarria izan zen bizkorrena. Aiaramendi Korrikalariak klubeko gernika-lumotarrak 56.24ko denbora egin zuen, garaipen erosoa lortuz. Emakumezkoen artean, Gernika Atletismo Taldeko Alluitz De Bilbao kortezubitarrak irabazi zuen, eta Jone Oar-Arteta gernika-lumotarra bigarren izan zen. Hurrenkera horretan sailkatu ziren hala lasterketan, nola Euskadiko Txapelketan, 41.19 eta 42.26ko denborak eginda.