Finalaren itzalak ez du bidearen distira itzaltzen
Gernika Futbol Sala Euskal Kopako finalera iritsi da, baina ezin izan du Antiguoko KEren nagusitasunagaz. 11-0koagaz galdu arren, egindakoa harro agertu dira gernika-lumotarrak.
Gernika Futbol Sala sasoiko eta maila handian dago. Asteburuan, Euskal Koparen lauko finala lehiatu dute talderik sendoenen kontra, eta goiko kotan azaldu dira. Zapatuan [martxoak 23], bi finalaurrekoetako bat jokatu zuten, Gora Bilbao taldearen kontra, Lezon (Gipuzkoa). Finalerdi berdindua eta borrokatuan izan zen. Lehen zatian, gernika-lumotarrek 1-0ekoa lortu zuten, eta markagailu horregaz joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatiaren hasierak ere pareko dinamikak erakutsi zituen: aukera gutxi egon ziren, eta berdintasuna nabarmendu zen. Edozelan ere, Gernika FSk bigarren gola sareratu zuen. Gol haren ondoren, finalaurrekoko une garrantzitsuenetako bat heldu zen: bilbotarren estrategia aldaketa. Atezain jokalaria kantxaratu zuten, eta taktika hori baliatuz egin zioten presioa Gernika-Lumoko taldeari. Presioaz gain, Gora Bilbaok gol bat ere egin zien.
Edozelan ere, 2-1eko markagailuari eutsi zion Gernika FSk, eta finalerako txartela eskuratu zuten. Taldetik azaldu dute finalerdi hura ez zela beraien neurketarik “distiratsuena” izan, baina txapelketako jomuga nagusia lortzeko, finalera sailkatzeko, balio izan ziela: “Planteatutako jokaldiak, ezin izan genituen gura moduan aplikatu, baina, dena dela, finalera igarotzeko balio izan zigun eta, alde horretatik, pozarren amaitu genuen”. Beste kanporaketan, Antiguoko KEk 12-3ko markagailu sendoagaz irabazi zion Elorriori. Finalerako hautagaitza sendoa plazaratu zuen Antiguokok, horrenbestez.
“Antiguokok lehen gola sartzeagaz batera, guztia aldatu zen, eta euren erakustaldia hasi”
Domekan [martxoak 24] iritsi zitzaien gernika-lumotarrei azken partidua: Euskal Kopako final handia. Lehen hamar minutuetan, parekotasuna eta tentsioa izan ziren protagonistak. Antiguokok aukera argi bakarra eduki zuen lehen tarte hartan, eta gernika-lumotarrek ere beste bi. Minutuek aurrera egin ahala, baina, Antiguokok markagailua errotik irauli zuen: “Lehen gola sartzeagaz batera, guztia aldatu zen, eta Antiguokoren erakustaldia hasi; golak bat bestearen ondotik egin zituzten”. 5-0ekoagaz egin zuten aldageletarako bidea.
Atsedenalditik itzultzean, Gernika FSkoek ez zuten etsi, eta gogor saiatu ziren egoerari buelta ematen. Ezinezkoa izan zen, baina. Izan ere, bi minutu inguruko tartean, Antiguokok gol bi egin zituen, eta finala lasaitasunez kudeatu egin ahal izan zuten. Arriskatzera eta kale edo bale egitera behartuta, gernika-lumotarrek atezain jokalaria atera zuten, baina estrategia hark ez zuen fruiturik eman, Antiguokok bere bideari eutsi baitzion. Gernika FSko jokalari bat kanporatzeak ere ez zuen lagundu. Azkenean, 11-0eko markagailuagaz burutu zuten finala. Finalerako bidea distira eta eraginkortasun handiz eginagatik ere, Gernika FSkoek porrota “onartu” besterik ezin izan dute hartu: “Antiguoko gehiago izan zen, zentzu denetan; guretzat partidu itogarria, gogorra eta uneoro kontrara ipini zitzaiguna izan zen. Emaitza ez da ona, baina lehiakor agertu ginen”.
“Uneoro errespetuz eta gogor saiatuz jokatu dugu, baina aurkaria, beste barik, gu baino hobea eta boteretsuagoa izan da”
Jarrera kontua.
Finaleko porrota gorabehera, taldetik azpimarratu dute lantalde osoaren eta jarraitzaileen jarrera “txalogarria” izan dela Euskal Kopan: “Markagailu horrekin, jakin badakigu beste edozein taldek beharbada burua eta modu onak galduko lituzkeela, baina guk, ostera ez. Uneoro errespetuz eta gogor saiatuz jokatu dugu, baina aurkaria, beste barik, gu baino hobea eta boteretsuagoa izan da; markagailua horren isla argia da”. Hirugarrenez jokatu du Gernika FSk Euskal Kopa eta, aurtengo aurrerapausoak “begi onez” ikusi arren, oraindik “hobetzeko asko” dutela ikusi dute, baina “harrotasunez” baloratu dute egindako bidea.