Ezustekoa emanda, Bizkaia Cup pala txapelketa irabazi dute Solagurenek eta Mendizabalek
Arteaga Klubeko lehenengo txapel ofiziala lortu dute, gainera.
Arteaga Klubeko Paul Solagurenek eta Eneko Mendizabalek Bizkaia Cup pala txapelketako txapela jantzi dute, Zierbenako Galipane taldeko bikoteari zapatuan (martxoak 23) 31-40 irabazita. Arteaga Klubeko lehenengo txapel ofiziala lortu dute, gainera.
“Guretzako sekulako aurrerapausoa izan da. Duela bi urte hasi ginen pala txapelketetan lehiatzen, eta iaz, txapelketa bereko bigarren mailako finalera ailegatu ginen, baina galdu egin genuen. Aurten lehenengo mailan txapela lortzea sekulakoa izan da”, onartu du Paul Solagurenek.
Ezustekoa emanda irabazi dute, gainera. Izan ere, ez zuten txapelketa ondo hasi. Lehenengo mailan zortzi taldek izena eman zuten, eta euren artean lehiatu zituzten lehenengo partiduak, ligaxka formatuan. Denak denen aurka jolastu ostean, sailkapeneko lehen lau bikote onenek egin zuten aurrera, tartean Gautegiz Arteagako klubekoak. Eta lauko talde horretara sailkatzeko zailtasunak izan zituztela onartu du Solagurenek: “Txapelketa txarto hasi genuen, eta ligaxkako azken jardunaldia kale edo balekoa izan zen. Azkenean, irabazi egin genuen, eta finalaurrekoetara sailkatu”.
Finalera gerturatzeko ahalegin horretan, “partidu onak” jokatu zituzten Sopelakoen aurka, eta finalera sailkatzea lortu. Azken buruz buruko horretan, baina, aurkari gogorrak izan zituzten aurrean. Izan ere, Arteaga Klubeko bikoteak finalera ailegatu bitartean partidu bat bera ere galdu ez zuen bikotea zuen aukari legez. Baina gailentzea lortu zuten. “Eurak ziren faborito nagusiak, baina guk lan ona egin genuen neurketaren hasieran, euren huts egiteak aprobetxatu eta tanto onak bilatuz”, azaldu du Solagurenek. Bosna berdindu ostean, zazpi tantoko aldea lortu zuten, eta hori kudeatzen ahalegindu ziren partiduak aurrera egin ahala.
Aurrera begira.
Txapela irabazi arren, aurrera begira daude dagoeneko kirolariak. Orain, buruz burukoa pala txapelketa lehiatuko dute batzuek, eta beste batzuk, berriz, Gautegiz Arteagako txapelketan ariko dira. “Pala goma eta pala motza kategorietako partiduak antolatuko ditugu Gautegiz Arteagan apirilaren erdialderako. Eta klubleko gehienen helburua izango da etxeko txapelketan maila ona ematea; beste batzuk, berriz, buruz burukoan ariko gara”, azaldu du Solagurenek.