Jokoa alde baina eraginkortasuna aurka denean
Lointek Gernika Bizkaiak 56-66ko markagailuagaz galdu du Perfumerias Avenidaren aurkako Erregina Kopako kanporaketa. Finalean, Valencia Basket Casademont Zaragozari gailendu zaio.
Gogor saiatu dira. Maila eman dute. Bidea urratu dute. Lointek Gernika Bizkaiaren Erregina Koparen abenturak bereake eman ditu. Denboraldi eta txapelketa ederra egin dute, baina ezin izan diote arre egin Perfumerias Avenidari. Huelva (Andaluzia) izan da aurtengo koparen egoitza. Valencia Basketek eroan du garaikurra, Casademont Zaragozari finalean irabazita. Lointekek, bere aldetik, ezin izan du Avenidaren kontrakoa irabazi eta finalerako txartelik lortu. Salamancako taldea, edozelan ere, estutasunetan ipini zuten barikuko [martxoak 22] kanporaketan. 56-66ko markagailuagaz gailendu zen Avenida.
Partiduaren lehen minutuek zuten garrantziaren jakitun, talde biei urduritasuna igarri zitzaien neurketaren hastapenean. Lointekek, hain zuzen, falta goiztiar batzuk egin zituen, eta hark estreinako abantailak eman zizkion Avenidari. Arica Carter, Sika Kone, Laia Flores eta Sara Madera izan ziren lehen uneetako jokalari giltzarriak. Andrea Villaroren ekinak, bestalde, esangura handia eduki zuen gaztelarren erasoaldietan; 10-18koagaz amaitu zuten lehen laurdena.
Konek erritmo are handiagoa eman zion partiduari, eta uztaipean aldeak egin zituen; ez da kasualitatea Emakumezkoen Endesa Ligako egungo MVPa izatea. 12-24koagaz eta erreboteetan zituzten arazoak ikusita, Lucas Fernandezek hutsartea eskatu zuen. Itziar Ariztimuño moduko jokalari erabakigarriak beren mailatik beheraxeago ikusirik, Marie-Michelle Milapiek taldearen ardura hartu zuen. Gernika-lumotarrek neurria hartu zioten partiduaren abiadurari, eta 10-0eko partzial itxaropentsua lortu zuten. 25-33koagaz eta esperantzarako hamaikatxo arrazoirekin jo zuten aldageletara.
Atsedenaldiaren ostean, norgehiagokaren lehen laudenean legez, lehenengo minutuak gako izango ziren; hori ondo baino hobeto zekiten talde biek. Malostekoak gogor saiatu ziren jaurtiketetan, baina zorte eta eraginkortasun puntutxo bat falta izan zitzaien. Avenidako Alexis Princek, ostera, ziurtasuna besterik ez zuen bistaratu hirukoetan. Horrek behin eta berriro aurretik joatea ahalbidetu zien Salamancakoei. Ariztimuñok, 38-48koagaz, Nacho Martinez hutsartea eskatzera derrigortu zuen, baina, edozelan ere, gernika-lumotarrentzat ez zen batere erraza hamar puntuen aldea murriztea.
Azken laurdenean, kale edo bale egin behar izan zuten. Dena dela, hiruko jaurtiketen faktoreak etengabe Avenidaren alde egiten zuen; hiru saskiratu zituen Gernikak, eta zazpi, ostera, Avenidak. Stephanie Wattsek errenta hamar puntuen ingurura bueltatarazi zuen; are gehiago, amaierarako lau minuturen faltan, sei puntutara hurreratu ziren gernika-lumotarrak. Egindako jaurtiketek, baina, ez zuten saskia topatu gura izan. Maila handiko partidua egiten ari ziren uneoro, baina aurkariaren eraginkortasuna eta jokoa emaitzen islatzeko abilezia handiagoak ziren. Azken minutuetan, Avenidak aldeak ederto kudeatu zituen; baloiaren jabetza ahalik eta gehien bermatuta eta aukerak probestuz, garaipen boteretsua lortu zuten. 56-66koagaz amaitu zen Gernikaren Erregina Kopako ametsa.