Zuzeneko musikak hartu du Gernika-Lumo
Musika doinuen, musikarien eta musikazaleen elkarleku izaten ari da Lekuek jaialdia. Zuzeneko musikak eta musika oinarri duten denetariko ekintzek hartu dute dagoeneko udalerria.
11 aldiz bota dute Lekuek jaialdia zabaltzeko txupina. 11. edizioa da aurtengoa, inoiz baino laburragoa, bai, lau egunekoa delako, baina ez ekintza gutxikoa. Izan ere, musika oinarri duten denetariko ekintzek hartu dute dagoeneko udalerria, eta herriko txoko zein kaleetan entzuten dira denetariko doinuak.
Eguenean ekin zioten bihar arte iraungo duen jaialdiari. Izan ere, jai handietan egin legez, orduan jaurti zuten txupina Merkuriotik, Segundo Olaeta Musikako Eskolako Banda Sinfonikoa lagun zutela; musikariek gozatu eta publikoa gozaraztea lortu zuten.
Antolatzaileen berbetan, aurten inoiz baino garrantzitsuagoa izan da eurentzat emakumeek oholtzan duten presentzia zaintzea, jaialdiaren txikitasuna aldarrikatzea eta bertoko taldeei lekua eskaintzea. Hori izan da Lekuek festibalaren arrakastaren formula, eta hori bermatzeko lan egin dute antolatzaileek aurten ere.
Eta herritarren babesa jaso dute, izan ere, jaialdia hasi orduko bono guztiak saldu zituzten, eta kontzertu askotako aurretiko sarreren salmenta ere amaitu zuten: “Guretzako eskertzekoa da horrelako erantzuna”.
Anari izan da aurtengo luxuzko gonbidatuetako bat. Atzo Lizeo Antzokiko sarrerak agortu zituen, jendetza bertaratu baitzen kontzertura. Hala ere, Astra, Iparragirre eta Kult Parnasoako oholtzak ere beterik egongo dira egunotan, baita herriko kale eta tabernak ere, eskaintza zabala baita.
Askotarikoa eta askorentzakoa. Zuzeneko 30 kontzertu baino gehiago prestatu dituzte aurtengorako, baina, jaialdiaren eskaintza haratago doa; izan ere, dantzak, aurkezpenak, ikus-entzunezkoak, disko eta arte azoka, irratsaioa, umeentzako tailerrak, ipuin kontalaria eta hitzaldia ere badira egitarau oparoan.