Konponbidea lortzeko bidean urratsak ematen jarraituko du Sare Gernika-Lumok
Kale dinamika eta adostasun sozial, instituzional eta sindikalak eraberritzea "beharrezkoa" izango dela uste du Sarek. Hala, Gernika-Lumoko taldeak hurrengo hilabeteetarako plangintza aurkeztu du.
Sare Gernika-Lumok hurrengo hilabeteetarako plangintza aurreikuspena partekatu du, salbuespen neurriek bere horretan dirautelako eta konponbidea lortzeko bidean urratsak ematen jarraitzeko beharra dagoelako.
“Dispertsio politika amaitzeak ez du esan gura euskal presoei ez zaizkienik bestelako neurri bereziak ezartzen: zigor batuketa eza edo bide judizialean oztopoak sufritzea, besteak beste”, azaldu dute Sare Gernika-Lumoko kideek, eta konponbiderako urratsak ematen jarraitzeko beharra plazaratu dute. Ze, jakinarazi dutenez, 140 euskal preso, 12 iheslari eta hiru deportaturen egoera konpontzeko beharra dago oraindik, eta, horretarako, kale dinamika eta adostasun sozial, instituzional eta sindikalak eraberritzea “beharrezkoa” izango dela uste dute.
Bide horretan, ikasturte amaierara bitarteko erronkak plazaratu ditu Sarek. Hala, apirilaren 2an eta 3an Ipar Euskal Herriko Luhusokoen aurkako epaiketa dela aprobetxatuta, Konponbide osoa orain! lelopean elkarretaratzeak egingo dira Euskal Herriko zazpi hiriburuetan, eta Gernikatik, hori indartzen ahaleginduko dira.
Azken barikuak ere indartu gura dituzte, bereziki apirileko elkarretaratzea, ze apirilaren 26ko bonbardaketaren urteurrenarekin bat egiten du.
Horrez gain, maiatzaren 14an informazio bilera deitu dute Astran. Bertan, gaur egun euskal presoen erradiografia zehatza partekatuko dugu sarekideekin batera”, jakinarazi dute.
Hamar egun beranduago, maiatzaren 24an, mobilizazioa egingo dute, 19:30ean Merkuriotik abiatuta, ekainean hauteskunde orokorrak direla-eta. “Urteroko ikasturte amaierako mobilizazioa maiatzaren amaierara aurreratzea erabaki dugu, Europako hauteskundeen testuinguruan kokatzeko”, azaldu dute, eta, jakinarazi dute mobilizazioaren ostean musika kontzertxo bat prestatzen ari direla Arrano tabernagaz batera.
Bestalde, ekainaren 15ean Sareren 10.urteurrena da, eta bezperan, Gernika-Lumon, urte horietan guztietan ehundutako sarearen espazio bat egongo da. “Lan hauek guztiak aurrera eroateko, beste behin ere, gu guztion aktibazio soziala ezinbestekoa da, eta, beraz, dei egiten dizuegu guztiak etxera ekartzeko bidelagun izaten”.