Martxoaren 8a mihisean gizarteratzeko asmoz
Gernika BHI institutuan, M8a gai hartuta, kartel lehiaketa egin dute IKT eta margolaritza klaseetan diharduten adin desberdinertako ikasleek. Julen Goikoetxea gernika-lumotarrak eta Leiore Izagirre bermeotarrak irabazi dituzte lehen sariak.
Gernika BHI institutuko ikasleek kartel lehiaketa egin dute, Martxoaren 8ko aldarrikapen eguna gai hartuta. IKT eta margolaritza eskoletan diharduten ikasleek parte hartu dute zentro barruko txapelketa horretan, hain zuzen ere, DBH 4koek eta lehen nahiz bigarren Batxilergok mailetakoek. Guztira, 150 eta 200 parte hartzaile inguru animatu dira beraien sormen gaitasuna baliatuta kartel bat sortzera, eta institutukoek partaidetza horren “balorazio paregabea” egin dute. Arduradunek adierazi dutenaren arabera, helburu bikoitza eduki du egitasmoak: “Batetik, sormena eta artea bultzatzea; bestetik, ikusmolde kritikoa lantzea”.
Irabazleek 50 euroko kultur bonua irabazi dute, herriko liburudendetan gastatu dezaten
IKTkoek modu digitalizatuan sortu behar izan dute kartela, eta margolaritzakoek, ostera, eskuz egin behar izan dute. Martxoaren 8a gai zentral hartuta, ikasleek lelo bat eduki dute, beren sorkuntza proposamenak egiterakoan gidalerrotzat baliatu ahal izan dutena: Hau ez da nesken kontua bakarrik. IKTko mailan, Julen Goikoetxea gernika-lumotarra gailendu da; eskuz egindako beharrik onenaren saria, berriz, Leiore Izagirre bermeotarrak poltsikoratu du. Biak ala biak Batxilergoko lehendabiziko ikasturtean ari dira. Garaileek, saria ere eskuratu dute: Obaba, Gaubeka eta Berezi Gernika-Lumoko liburudendetan gastatzeko 50 euroko kultur bonuak.
Aurtengo sariketa “ederto batean” joan dela nabarmenduta, antolatzaileek argitu dute hurrengo ikasturteetan ere lehiaketa egiten jarraitzeko asmoa daukatela.