Geratzeko etorri den estropada baten jaiotza
Zapatuan [martxoak 23], I. Alakrana Urdaibai Basque Reserve Jaitsiera egingo dute. Hiru kategoria eta ibilbide bi egongo dira. 16:30ean hasiko dira lehian.
Ibaietako jaitsiera estropadak udako arraun denboralditik kanpo egiten dira han-hemenka, baina orain arte ez da batere egin Busturialdean. Hori aldatu egingo da aurrerantzean: Oka errekaren ibaiadarrak I. Alakrana Urdaibai Basque Reserve Jaitsiera hartuko du zapatuan [martxoak 23]. Mundakako Arraun Elkarteak antolatuta, Euskal Herriko arraun talde puntakoenak elkartuko dira asteburuan, Busturialdeko uretan. Tankerako estropadak neguko prestakuntzarako baliatu ohi diren arren, antolatzaileek argitu dute klub denak “guztia emateko prest” egongo direla eta, gainera, proba “egutegian geratzeko” etorri dela.
Gizonezko seniorrek 6.000 metroko estropada egingo dute, eta bai emakumezkoek, bai beteranoek, berriz, 4.000 metrokoa
16:30ean ekingo diote erlojupeko lehiari, eta hiru kategoria egongo dira: emakumezko seniorrak, gizonezko seniorrak eta beterano mistoak. Parte hartzaileek ibilbide bi egin beharko dituztela aurreratu dute antolakuntzatik. Hala emakumezko seniorrak, nola beteranoak 4.000 metroko estropadaren atarian daude. San Antonio hondartzan abiatuko dira, Sandinderi aldamenetik Laidara heltzeko; ondoren, Txatxarramendi albotik pasatuko dira, eta Mundakan helmugaratu. Gizonezko senior kategoriako arraunlariek, ordea, 6.000 metroko ibilbidea egingo dute, irteera eremua ibaian gorago eginda edukiko baitute; Muruetako ontziola inguruan hasiko dira arraunean. Denek ala denek Mundakako portu inguruan edukiko dute helmuga.
Traineru bakoitza minutu bateko tarteagaz aterako da irteera gunetik. Kategoria artean, ostera, minutu bikoa izango da tartea. Antolatzaileek, bestalde, azaldu dute sari emate ekitaldia portuan egitea aurreikusten dutela: “Eguraldiak eta itsasoaren baldintzek ahalbidetzen badigute, portuaren kanpoaldean egingo dugu; osterantzean, portu barrura lekualdatu beharko dugu ekitaldia. Maila bakoitzako irabazleak I. Urdaibai Jaitsieraren bandera jasoko du garaikur legez”.
Busturialdea eta Bermeo-Urdaibai gizonezkoen senior mailan ariko dira; Mundakako Bisonteak, aldiz, beterano kategorian
Partaidetza zabala.
Eskualdeko estreinako estropada jaitsierak goi mailako parte hartzea edukiko du. Izan ere, Euskal Herriko txoko orotatik bertaratuko dira arraun klubak. Lehen ekitaldian, baina, emakumezkoen parte hartzea murritz samarra izango da, gaur-gaurkoz Ondarroa baita izena emandako klub bakarra. Hori konpontzea izango da, hain zuzen ere, antolatzaileen hurrengo urterako jomuga nagusia, argitu dutenez. Beste alde batetik, eskualdeko ordezkaritza lehian ibiliko da: Mundakako eta Elantxobeko arraun taldeek osaturiko Busturialdea eta Bermeo-Urdaibai gizonezkoen senior mailako zerrendan daude. Beraiekin batera, ondorengo taldeak ariko dira kategoria horretan: Hondarribia B, Arkote, Lapurdi, Ondarroa, Ondarroa B, San Juan, San Juan B eta Hibaika. Beteranoen lehian, berriz, Mundakako Bisonteek parte hartuko dute. Eurekin, honako klubak egongo dira irteeran: Esteirana, Sestao, Badok 13, Zumaia, Getxo, Bilbao eta Aizburua.