Bitakora Koadernoa eta anezka zerbitzua, Omako Baso Margotua bisitatzeko
Aste Santuan, Omako Baso Margotua bisitatzeak osagai gehigarri bi edukiko ditu: basoari buruzko Bitakora Koadernoa banatuko dute, eta Gernika-Lumotik Santimamiñerainoko doako autobus anezka zerbitzua egongo da bisitarientzat.
Bizkaiko Foru Aldunditik aurreratu dutenaren arabera, datorren zapatutik [martxoak 23] aurrera, Omako Baso Margotuari buruzko euskarazko eta gaztelaniazko Bitakora Koadernoa argitara emango dute. Basoari buruzko gida antzekoa izango da, eta Santimamiñeko arreta gunean basorako erreserba baliozkotzean emango zaie bisitariei. 5.000 aleko argitalpen mugatua izango dela iragarri dute sustatzaileek. Bitakora koadernoagaz batera, basoari buruzko informazio mapa ere eskuratuko dute.
Aste Santuari begira, martxoaren 28, 29, 30 eta 31n nahiz apirilaren 1ean doako anezka autobus zerbitzua egongo da Gernika-Lumotik Santimamiñeko aparkalekuraino joateko. Gernika-Lumoko herrigune erdialdeko autobus geltokitik orduro aterako dira anezkak, 09:00etatik 13:00etara artean. Autobus zerbitzuari buruzko informazio gehigarria gura dutenek bizkaia.eus/eu/bosque-oma webgunean eskuragarri dute. Anezka zerbitzua baliatzeko, beharrezkoa izango da autobsera sartzean Omako Baso Margotua edota Santimamiñeko Koba bisitatzeko erreserba erakustea.
Omako Baso Margotua bisitatzeko erreserbak aldez aurretik egin beharko dira, bizkaia.eus/eu/oma-basoa webgunean. Era berean, Santimamiñeko arretagunean aurretiaz egindako erreserba baliozkotzea ezinbestekoa izango da hala bisita libreen, nola gidatutakoen kasuan. Bisita egiteko zehazturiko ordua baino ordubete lehenago eginda nahikoa izango dela azaldu dute. Bisita gidatuen tarifak ondorengoak dira: 10 eurokoa da prezio orokorra, eta tarifa murriztua, ostera, 5 eurokoa da. Zapatuetan emango dituzte bisitok; 11:00etan gaztelaniaz egingo dituzte, eta 12:30ean euskaraz. Gidatutako bisitak 25 lagunekoak izango dira gehienez. Bisitaldi libreei dagokienez, doakoak izango dira. Edozelan ere, bisita egin gura den ordua zehaztu beharko da, 09:30etik 15:00etara bitarteko ordutegiaren barruan.