Kilometro gutxi, 23. Korrika ailegatzeko
Gutxi falta da eskualdea ttipi-ttapa jartzeko. Euskararen aldeko lasterketa etzi (martxoak 20) ailegatuko da Busturialdera, Bedaronatik, eta eguen goizaldean agurtuko dute bermeotarrek.
23. Korrika iritsi bitartean herriak eta herritarak girotzen hasteko egitarauak prestatu dituzte hainbat udalerritan. Korrika kulturalek eta korrika txikiek hartuko dituzte eskualdeko kaleak.
Gernika-Lumon, esaterako, urte asko eta gero, Korrika Txikia berreskuratuko dute. Etzi [martxoak 20], 10:30ean dute hitzordua Allende Salazar, Barrutia, Mertzede, San Fidel eta Seber Altube ikastetxeetako umeek, Pasealekuan. Herriko kaleetatik zehar elkarrekin egingo dute korrika euskararen alde.
Bermeon ere korrika txikian batuko dira udalerriko hezkuntza zentroetako ikasleak. Artza frontoi parean hasiko dira arineketan DBHko ikasleak, 10:30ean. Gainerako ikasleek ikastetxeka egingo dute ibilbidea. Hala, San Frantzisko Herri Ikastetxeak Erriberan hartuko du lekukoa, Eleizalde Ikastolak Lameratxikin eta Sagrado Corazonek, berriz, Taraskan. Korrika Txikia Lamerako kioskoan amaituko da, eta bertan ikasleek euskararen aldeko mezua irakurriko dute. Ondoren, Divenire Dantza Eskolakoek Korrikaren Harro Herri abestia dantzatuko dute. Gainera, eguna girotze aldera, 10:00etatik 13:00etara bitartean, Bermeoko Udalak musika jarriko du Lamerako kioskoan. Aurreratu dutenez, eguraldi txarra egingo balu, ikastetxe bakoitzak bere Korrika txikia egingo luke.
Muxikarrek ere arineketan egingo dute, Urretxindorra eskolatik abiatu eta Kurtzeroko auzoan zehar ibiliko baitira ikasleak aurrera eta atzera, eskolan bertan amaitzeko eta Harro Herri abestia dantzatzeko.
Gautegiz Arteagan, bestalde, arratsaldez – 19:00– egingo dute Korrika txikia. Hala ere, hitzordua 17:00etarako jarri dute, plazan. Eskulanak egingo dituzte, hala nola, Korrika txikirako petoak, lekukoak eta pankartak. Ostean, txokolatada ere izango dute.
Ean ere, egitarau oparoa antolatu dute. Goizean, Korrika Txikian batuko dira, eta arratsaldean, korrika ailegatu bitartean, korrikaren hormairudia egingo dute, eta ostean, afari-merienda Natxituan. Korrika igaro ostean, txokolatea dastatuko dute Bedaronan.
Busturiak gauerdia pasata egingo du arineketan, eta, txikienak euskararen aldeko lasterketan parte hartu gabe gera ez daitezen, Jose Maria Uzelai Herri Eskolak eta Busturiko Udalak Korrika txikia antolatu dute 11:30erako. Lehenengo hamaiketakoa egingo dute, eta ostean, adin-tarteka banatuta, diseinatu duten ibilbidean egingo dute korrika. Horrez gain, arratsaldean, Altamirako Kultur Etxean Bizkarsoro filma ikusteko aukera ere izango dute busturiarrek, Busturiko Korrika Kulturalaren baitan.
EGITARAUAK:
GERNIKA-LUMO
- Etzi (martxoak 20).
10:30. Korrika Txikia: Allende Salazar, Barrutia, Mertzede, San Fidel eta Seber Altube ikastetxeetako umeak Pasealekuan batuko dira.
BERMEO
- Etzi (martxoak 20).
10:00-13:00. Musika, Lameran.
10:30. Korrika txikia, Artza frontoitik Lamerako kioskora.
Ostean, Divenire Dantza Eskolakoek Korrikaren abestia dantzatuko dute.
20:00. Euskal Herrian Euskaraz: Harrotze Astearen aukezpena, Kabidxen.
20:30. Amaia Gabantxo eta Edorta Jimenezegaz hitzaldi-elkarrizketa, Kabidxen.
22:00. Txokolatea, Oihaletxea dokumentalaren proiekzioa, Korrikako argazkiak, Korrika zuzenean ikusteko aukera eta barra zabalik.
BUSTURIA
- Etzi (martxoak 20).
11:00. Hamaiketakoa eskolan.
11:30. Korrika txikia, Altamiran.
EA
- Etzi (martxoak 20).
12.00. 12:00. Korrika txikia, Haizederretik Haizederrera.
17.00. Korrikaren hormairudia egingo dute Ean.
19.00. Afari-merienda, Natxituan.
Korrika ostean, txokolatea, Bedaronan.
GAUTEGIZ ARTEAGA
- Etzi (martxoak 20).
17:00. Eskulanak: petoa eta pankartak egiteko, plazan.
19:00. Korrika txikia.
Ostean, txokolatada.
GERNIKA-LUMO
- Etzi (martxoak 20).
10:30. Korrika txikia, Pasealekutik.
MUNDAKA
- Etzi (martxoak 20)
15:00. Korrika Txikia: Txorrokopunta-Tala-portua-plaza.
15:30. Mosaikoa, disko-festa eta argazkia, plazan.
MUXIKA
- Etzi (martxoak 20).
11:30. Korrika txikia, Kurtzeron.
_____
KORRIKAREN AILEGAERA
- Eguaztena (martxoak 20).
Ea. 20:29
Ibarrangelu. 21:23
Elantxobe. 21:36
Gautegiz-Arteaga. 22:11
Kortezubi. 22:43.
Gernika-Lumo. 23:03
Muxika. 23:29
Gernika-Lumo. Muxikatik bueltan berriro sartuko da udalerrian.
- Eguena (martxoak 21).
Forua. 00:06.
Murueta. 00:19.
Busturia. 00:38.
Sukarrieta. 00:58.
Mundaka. 01:04.
Bermeo. 01:23.