23. Korrikak badauka kantua
Irunen hasi eta Baionaraino martxoaren 14tik 24ra bitartean egingo den Korrikari soinua eta irudia jarri diote. Maite Arroitajauregi 'Musergo' arduratu da abestia zuzentzeaz, eta Amaia Badiolak egin du bideoa.
23. Korrikak “inoiz baino ozenago” aldarrikatuko du hizkuntzaz, herriaz eta komunitateaz “harro” daudela herritarrak. Oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa dela erakutsiko dute euskaldunek martxoaren 14tik 24ra bitartean egingo den Korrikan. Irunen hasi eta Baionaraino Harro Herri lelopean eskuz esku ibiliko da lekukoa, eta herriz herri, auzorik auzo, kalerik kale entzungo da izen bereko kantua. Maite Arroitajauregi Musergo arduratu da abestiaren zuzendaritzaz, eta Amaia Badiolak egin du bideoa.
Gaur [abenduak 12] aurkeztu dituzte kantua eta bideoklipa Eibarko Juan Bautista Gisasola musika eskolan, eta berak egindako lanen artean ezberdinena izan den kantua dela adierazi du Arroitajauregik, abesti gutxi egin baititu enkarguz. Korrika egiteko ez dagoela modu bakar bat adierazi gura izan du: “Horrek geure buruari muga batzuk jartzera eraman gintuen, baina horrelako kantuekin egon ohi diren inertzia edo ohiturak kolokan jartzera ere bai: Korrika egiteko ez dago modu bakar bat, ez dago kanta bakar bat; bideak baditu gorabeherak eta bihurguneak”.
Hala, kantuak sei edo zazpi zati dituela eta horren baitan hiru abesti ezberdin daudela nabarmendu du artistak, “eta minisinfonia moduko zerbait ere, oharkabean”. Nabarmendu du “pertsona askok” egindako lanaren emaitza dela “kantu berritzailea”. “Atea zabaldu diegu azelerandoei, disonantziei, kaos modukoei, keinuei… Eta hainbat kantariren artean abestua egon arren, apenas inor ez nabarmentzeari”, azaldu du artistak.
Estiloari dagokionez, “pop barrokoko kantua” atera zaiela dio Arroitajauregik: “Letratik hasi ginen pop kantu bat egiteko, eta behin hezurdura eta melodia nagusia argi samar genituela hasi ginen konponketak proposatzen eta jolasten, askotariko ideiak botatzen eta eztabaidatzen, ados egon garen arte”. Emaitzara ailegatzeko, baina, berrehunka pista zirriborratu eta milaka aldiz entzun dutela abestia gehitu du. Izan ere, kontuan izan dute horrelako abesti bat publiko zabalari zuzendutakoa dela, eta berdin balio behar duela umeek abestu eta dantzatzeko, lagunarteko festarako, edo errepidean bat eginda oihukatzeko.
Artxiboko irudiak, protagonista.
Ane Elordi Korrikaren arduradunak azaldu duenez, bideoa Elgezabalek egin du, eta, batez ere, aurreko edizioetako artxiboko irudiek osatzen dute: “23 ediziok eta 43 urtek askotarako ematen dute; besteak beste, ikusteko zer nabarmenak diren Korrikan mota guztietako bilakaerak: gizartea, aldarrikapenak, estetika, komunikatzeko erak… baita gauza horiek guztiak jasotzeko teknikak ere”. Denboraren aurrera egite horrek “euskararen erresistentzia” irudikatzen duela uste du Elordik. Egileak dioenari jarraikiz, bideoklipa “nostalgikoa” da batzuetan, eta “polita edo punkia” ere izan daiteke beste batzuetan.