Busturialdea bizikletaz ezagutzeko aukera
BBK Klima Bizik Busturialdea bizikletaz ezagutzeko aukera eskainiko du asteburutik aurrera. Bermeon, Mundakan eta Busturian bizikleta elektrikoak alokatzeko geltokiak zabalduko ditu, eta laster, laugarren bat ere jarriko dutela esan dute.
Bermeo, Mundaka eta Busturiko bizikleta elektrikoak alokatzeko geltokiak zabalduko ditu datorren asteburuan BBK Klima Bizik. Guztira, 25 izango dira erabilgarri jarriko dituzteen bizikleta elektrikoak. Hala jakinarazi dute gaur (martxoak 18) Bermeon egindako ekitaldian. Gainera, laster, eskualdean laugarren geltoki bat jarriko dutela ere esan dute.
Leire Zarate BBK Klima proiektuaren arduradunak eta Bermeoko Ziklistek taldeko kideek Busturialdean mugikortasun jasangarria sustatzen jarraitzeko apustua egin dute. Zaratek adierazi du bizikleta elektrikoen geltokiak martxan jartzen dituzten hirugarren urtea izango dela aurtengoa: “Gure helburua argia da: mugikortasun jasangarria sustatzea. Bizikleta garraiobide garbia da, eta, aldi berean, jarduera fisikoa errazten du. Gainera, kutsadura atmosferiko eta akustukoa txikiagoa dauka, eta bizi kalitate handiagoa eskaintzen du”. Halaber, adin eta maila sozioekonomiko guztientzako garraiobide eskuragarria denez, mugikortasun desberdintasunak ere murrizten dituela diote.
Horrez gain, BBK Klima proiektuaren arduradunak esan du mugikortasunaren eta iraunkortasunaren egungo erroneki aurre egiteko “oso garrantzitsua” dela bizikleta. “Bere sinpletasun eta eraginkortasunekin, asmakizun ahalduntzailea izan da bizikleta, garraiobide ekonomiko eta ekologiko bat eragiteaz gain, aldaketa sozial eta ekonomiko esanguratsuak eragin dituelako”, esan du Zaratek. Etorkizun jasangarri baterantz joateko, gainera, pedalei eragiteko deia egin du, bizikletan ibiltzea ekintza fisiko bat baino gehiago delako: “Independentziaren adierazpena da, naturarekiko lotura eta mugikortasunaren iraultza, eta BBK-k ez du erabilera bultzatzeko aukera galdu nahi”.
Bermeotar txirrindularien taldekoek, euren aldetik, horrelako ekimenen balioak azpimarratu dituzte: “Bizikletaren erabilera erraztea eta Busturialdea ezagutzeko turimo jassangarrien ikuspegitik egitea oso ideia ona iruditzen zaigu. Guk gure hobbiaz, bizikletaz, gozatzeko aukera dugu, eta gainera, bizi garen inguru honetan egin dezakegu; horregatik, bisitatzen gaituen jendeak ere ikuspegi horretatik gozatu ahal izatea aukera paregabea da”.
Bermeoko Ziklistek duela 25 urte baino gehiago sortu zuten euren taldea, eta ordutik, ateratzen diren egun bakoitzeko kafearen 2,50 euroko ekarpenari esker, itsulapiko txiki bat betetzen dute, gizarte proiektuei emateko. Izan ere, modu adostuan, pedalei eraginez ekintza sozialak babesteko erabakia hartzen dute urtero. . Hala, DalecandELA, Gurutze Gorria, Bizkaiko Eligaien Bankua, Eutsi gogor danok batera, EiTB Maratoia, Minbiziaren aurkako elkarteak… proiektuak babestu dituzte.