Metal doinuak Astrara itzuliko dira Metal Fabrikagaz
Zapatuan [martxoak 16] 20:30ean zabalduko dituzte ateak, eta lehendabiziko kontzertua 21:00etan hasiko da.
Metal doinuak Gernika-Lumoko Astra kultur faktoriara itzuliko dira zapatuan [martxoak 16]. Hain zuzen ere, 21. Metal Fabrika gaua ospatuko dute 20:30etik aurrera. Metal doinu desberdinetako hiru taldek joko dute. Gaueko izarra folk pagan metal musika jotzen duen Incursed taldea izango da. Iruñetik helduko dira Electrikeel taldearen trash metal doinuak. Azkenik, musika estiloko jarraitzaileek The Descent taldearen itzuleraz gozatzeko aukera izango dute. Ohi bezala, gaua luzatzeko arduraduna DJ Welder izango da, «musika metala momentu oro belarrietan sartuko du».
20:30ean zabalduko dituzte ateak, eta lehendabiziko kontzertua 21:00etan hasiko da. Sarrerei dagokienez, webgune honetan eskuratu daitezke. Hala ere, egunean bertan Astrako sarreran erosteko aukera egongo dela aurreratu dute, 10 euroren truke.
Azaldu dutenaren arabera, egitasmoaren helburu nagusiak, bi dira: metalaren zaleak musikaz horretaz gozatzeko elkartzea eta Metal Fabrika irratsaioari babesa ematea. Edozelan ere, bertaratzen direnak «etxean legez» sentiaraztea eta ahalik eta aho zapore gozoenagaz geratzea nahi dute: «Metalzaleentzako gau oso berezia izan ohi da, tratua hurrekoa delako eta xehetasunak jagoten saiatzen garelako». Dena dela, musika mota horretaz gozatzeko edota hura ezagutzeko gogoa duten denei «Astrara hurbiltzeko deialdia» luzatu diete.