Bermeoko Udalak martxoaren 8ko eraso matxista "gaitzetsi" du
Ekintza horiek "onartezinak" direla adierazi du Bermeoko Udalak. Ustezko erasotzailea identifikatuta dagoela jakinarazi dute. Indarkeria matxista “errotik eta behin betiko” desagerrarazteko lanean jarraituko dute.
Martxoaren 8an herrian gertatutako eraso matxistagatik “gaitzespenik sutsuena” adierazi du Bermeoko Udalak. Argi adierazi dute ekintza horiek “onartezinak” direla eta ez dutela herrian lekurik: “Argi eta garbi adierazi nahi dugu gure herrian ez dugula inongo eraso matxistarik onartuko”. Ustezko erasotzailea identifikatua izan dela jakinarazi dute.
Pertsonen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa “eskubide urraezinak” direla azpimarratu dute. Era berean, gertutasuna eta elkartasuna adierazi diete emakumeari eta ingurukoei, eta ahal duten guztian laguntzeko prest agertu dira.
Indarkeria matxista lehen mailako “gizarte arazo” bat dela, estrukturala eta kolektiboa. Bermeoko Udala kontziente da egoeraren larritasunaz, eta horregatik, herritarrei dei egin die bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari eusteko. Indarkeria jasaten ari diren emakumeek erakundeen eta gizartearen babesa jaso dezaten, “inoiz baino erneago” egoteko eskatu dute.
Indarkeria matxista “errotik eta behin betiko” desagerrarazteko lanean jarraituko dutela adierazi dute udal ordezkariek, eta gehitu dute ahaleginak egingo dituztela elkarbizitzan oinarritutako gizarte berdinzale bat lortzeko, eta horrelako erasoak sekula ez errepikatzeko.