Ur hotzetako organismoak murriztu eta beroagoetako espezieak ugaritu dira Europako itsasoetan
Berotze globalak Europako itsasoen biodibertsitatean duen eragin eraginaz ohartarazten du Azti buru izan duen nazioarteko ikerketa batek. Lan zientifikoaren arabera, Europako itsasoetako habitat gehinek ozeanoaren berotzeari bi fenomenoren bidez erantzuten diote: tropikalizazioa eta desborealizazioa.
Berotze globalak eta klima aldaketak ekosistemetan duten eraginaren berri ematen jarraitzen du zientziak. Nature Communications aldizkarian argitaratu den, eta Azti buru izan duen nazioarteko ikerketa batek, hain zuzen ere, tenperaturen etengabeko igoeragatik Europako itsaso eta ozenanoetako biodibertsitatearen aldaketei buruz ohartarazten du. Izan ere, ikerketak dio, azken 40 urteetan, Ozeano Atlantikoak tropikalizazioa bizi izan duela bere komunitateetan, eta ur beroagoetako espezieen ugaritasuna areagotu egin dela bertan; bestalde, Mediterraneo itsasoa eta Baltikoa azkarrago berotzeak, ur hotzetako organismoak “nabarmen gutxitzea” eragin duela diote datuek.
Izan ere, lan zientifikoaren emaitzen arabera, Europako itsaso horietako komunitate eta habitat gehienek bi faktore ekologikoren bidez erantzuten diote ozeanoaren berotzeari: tropikalizazioa eta desborealizazioa. “Ur beroko espezieen ugaritasunaren hazkuntza –tropikalizazioa– Atlantikoan nagusitzen da, eta, ur hotzetako espezieen ugaritasuna murrizteko prozesua –desborealizazioa–, berriz, bereziki nabarmena da erdi itxitako arroetan, hala nola Mediterraneoan eta Baldinkoan”, azaldu du Guillem Chust Aztiko ikertzaile nagusiak. Gehitu du, gainera, itsasoa berotzeko tasarik azkarrenak jasaten dituztela erdi itxitako arroek.
Zehazki, Azti buru izan duen ikerketak aztertu du Europako itsas komunitateen (zooplanktona, bentosak, ornogabe pelagiko eta demertsalak eta arrainak) epe luzeko joerak eta aldaketak ozeanoaren berotzeagaz ze lotura duten. Horretarako, Komunitateen Tenperatura Indizea (CTI) erabili du ikertzaile taldeak; adierazle horrek informazio kuantitatiboa ematen du komunitate baten esaerari buruz, eta espezieek berotzeari ur bero edo hotzetarako duten afinitatearen arabera ematen dioten erantzunari buruz. Analisiek, mundu osoko 39 adituk, 65 segimendu programatako lau hamarkada bitarteko denbora serieak hartu dituzte, Ipar-ekialdeko Atlantikoan, Mediterraneo itsasoan eta Baltikoan, 1.817 espezieren datu historikoak bilduz.
Adituen arabera, tropikalizazioaren eta desborealizazioaren joera horiek, batetik, ingurune irekietan espezieak “sakabanatzeko eta kolonizatzeko erraztasun handiagoari” erantzuten diote, “nahiz eta itsaso erdi itxietan inbasio kasuak ere egon”. Adibidetzat jarri dute, hain zuzen, Mediterraneoaren ekialdean Indo-Pazifikoko ur beroetako espezieak ugaritu izana, “Suezko Kanaletik heldu eta espezie autoktonoekin lehian, sare trofikoak eta otsas ekosistemak aldatuz”. Desborealizazioak Mediterraneoko eta Baltikoko arroek ozeanoetako tenperatura igotzean duten zaurgarritasuna islatzen du: “Oztopo fisikoek konektibitatea mugatzen dute, eta, ondorioz, ur hotzetako espezieen beroketara egokitzeko habitat egokietara migratzeko gaitasuna”.
Espeziengan eragina.
Fenomeno ekologiko horien ondorioz, gutxituz doazen arrain espeziak areagotu dira, eta horien artean daude “baliabide ekologiko eta komertzial garrantzitsuak” diren Mediterraneoko sardina europarra eta Baltikoko bakailaoa. “Tenperaturak igotzeak kolapsoak edo desagerpen lokal funtzionalak eragin ditzake biztanlerian, eta horrek eragina izan dezake haien menpe dauden arrantza tokietan eta tokiko ekonomietan. Bereziki, ur gezaren eta itsasoaren (izokina edo aingira) artean mugratzen duten espezie diadromoak –itsasotik ibaira edo alderantziz– kalteberak dira klima aldaketekiko, eragina izaten baitute hainbat bizi etapatan eta habitatean”, nabarmendu du Aztiko adituak.
Europako itsas komunitateetako beste biztanle batzuk ere itsasoaren tenperatura gero eta altuagoaren eragipean daude, hala nola koraligenoa eta zooplanktona. “Horrek eragina du ekosistema horietako biodibertsitatean eta habitataren egituran, aita arrainentzako eta beste organismo batzuentzako elikagaien eskuragarritasunean ere”, azaldu dute.
Horiei eragiteaz gain, itsasoaren berotzeak eta itsas biodibertsitateari lotutako aldaketek zerbitzu ekosistemikoei eta itsas baliabideei ere eragin diezaiekete. Myron Peck ikerketako kideak azpimarratu duenez, arrantza tokiei egokitzapenak egin beharko zaizkie, baita arrantza denboraldiei ere, “eta klima aldaketaren ondorioz ugariagoak izan daitezkeen espezie berrietarantz dibertsifikatu beharko da”. Gehitu du “funtsezkoak” izango direla datu zientifikoetan oinarritutako kudeaketa eta erregulazio eraginkorrak. Horren baitan egon beharko lirateke harrapaketa kuotak, haarrapaketa esfortzuak espezie aldakorren populazioetara egokitzea eta espezie eta ekosistema ahulak babesteko kontserbazio neurriak ezartzea.