Ekintzaz josita dator Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetea
Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan eta Bakearen Museoan eta Kortezubiko Santimamiñen askotariko ekintzez gozatzeko aukera egongo da.
Euskadiko itsasertzeko eskaintza turistiko kulturala antolatu, indartu, proiektu partekatuak eraiki eta komunikazio eta sustapen ekintzak garatzeko helburua duen Museo Sarea sortu zuten 2012an. “Ikertu, gorde eta maite dugun kultur eta natur ondarea elkarrekin erakusteko”.
Sarea osatzen duten zentroek ikusle guztientzat bideratutako jarduerak eskaniko dituzte, eta horietako batzuk, jada martxan daude; jarduera bereziak, abantailak eta deskontuak, familientzako tailerrak, haur-jolasak, bisita gidatuak, esperientzia bereziak eta doako sarrerak. “Jarduerak eta edukiak askotarikoak dira, anitzak baitira Sareko museo eta zentroetan lantzen diren gaiak, baina badute zerbait komunean proposamen gehienek: bereziak eta bakarrak dira, urtean zehar aurkitu ezin diren planak”.
Esaterako, Bermeoko Arrantzaleen Museoan Isabel Mellen historialariak Erdi Aroko emakumeek bizitza sozial, politiko eta kulturalean zuten zereginetaz hitz egingo du Familia eta politika. Emakumeen genero rolak euskal leinuen buru egueneko [martxoak 14] hitzaldian. Bermeo Erdi Aroan erakusketa ere ikusgai egongo da hilabete osoan.
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan Markos Gimenoren Karteletrak erakusketa doan bisitatzeko aukera egongo da. Bakearen Museoan, ostera, ate irekien jardunaldia izango da domekakoa [martxoak 17], eta, beraz, doan bisitatu ahalko da 10:00etatik 14:30era. Horrez gain, egun berean Hiroshima eta Nagasaki familia tailerraz gozatu ahalko da.
Kortezubin, ostera, Santimamiñeko itsas baliabideen erabilera ardatz hartuta eta Santimamiñen aurkitutako itsas aztarnak ezagututzeko aukera egongo da bisita gidatuaren bitartez.
BUSTURIALDEKO EGITARAUA:
BERMEO (Arrantzaleen Museoa):
- Martxoak 14 (19:00). Familia eta politika. Emakumeen genero rolak euskal leinuen buru hitzaldia (gaztelaniaz), doan. Erreserba: 94-688 11 71 edo arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus.
- Hilabete osoan. Bermeo Erdi Aroan erakusketa. Martitzenetik zapatura: 10:00etatik 16:00etara. Domeketan: 10:30etik 14:30era.
GERNIKA-LUMO (Euskal Herria Museoa):
- Martxoak 16,23 eta 30. Markos Gimenoren Karteletrak erakusketara doako sarrera, 10:00etatik 16:00etara. “Erakusketa hilabete osoan egongo da ikusgai”.
GERNIKA-LUMO (Gernikako Bakearen Museoa):
- Martxoak 17 (10:00-14:30). Ate irekien jardunaldia.
- Martxoak 17 (11:30-12:30, 12:45-13:45). Hiroshima eta Nagasaki 4 urtetik aurrerakoentzat tailerra, doan. Erreserba: museoa@gernika-lumo.net edo 94 627 02 13.
KORTEZUBI (Santimamiñe):
- Martxoak 23 eta 24. Itsasoa Santimamiñen bisita gidatua, doan. Izen ematea: 94-465 16 57 edo santimamine@bizkaia.eus.