Eguenetan ere, zesta-punta izango da protagonista Jai Alain
Afizionatuen mailakoen zesta-punta bultzatuko du Gernika Jai Alai Eskolak antolatu duen Eguenetan Jai Alai Txapelketak. Lehen mailako eta bigarren mailakoen partiduak jokatuko dituzte eguenero, aste honetan hasita.
Gernika Jai Alai Eskolak antolatuta, Eguenetan Jai Alai afizionatuen txapelketak hartuko du Gernika-Lumoko Jai Alai frontoia aste honetan hasi eta ekainaren 20ra bitartean. Eguenero –Aste Santuko bi asteetan salbu–, 19:30ean hasita, lehen mailako eta bigarren mailako txapelketak lehiatuko dituzte, bakoitzeko bat, eta sarrera doakoa izango da.
Primerakoan, zortzi bikote ariko dira, bi multzotan banatuta. Bikote bakoitzak hiru partidu jokatuko ditu ligan, eta talde bakoitzeko lehenengo biak sailkatuko dira semifinaletara. A taldean Urko-Atain, Cosme-Oier, Urrutia-Ortzi eta Basterra-Ibon ariko dira, eta B taldean, berriz, Eñaut-Manzi, Aaron-Uranga, Arbe-Unda eta Bixente-Roke. Bigarren mailakoan, oraindik zehazteke daude bikoteak.
Hala ere, egueneko aurrez aurrekoak jakinarazi dituzte. Bigarren mailako txapelketan, Itu eta Martini Olasolo eta Mendiolaren aurka ariko dira, eta lehenengo mailakoen artean, Aaron eta Urangaren eta Arbe eta Undaren arteko aurrez aurrekoak emango dio hasiera txapelketari.
Antolatzaileek esan dute bikoteak “maila onekoak” direla, “lehiakorrak” eta “parekatuak”. Lehen mailakoen artean ez dute faboritorik zehaztu, izan ere, txapelketa hiruzpalau bikotek irabaz dezaketela uste dute. “Maila oneko bikoteak dira, eta edonork irabaz dezake”.
Jakinarazi dute txapelketa barikuetatik eguenetara igarotzeko erabakia puntista “ahalik eta gehienek” jolasteko hartu dutela: “Markina-Xemeinen, Berriatuan edo Mutrikun bariku eta zapatuetan izaten dira aurrez aurrekoak, eta denei jokatzeko aukera emateko asmoz, eguenetan jartzea erabaki dugu”. Gainera, Gernika-Lumon pintxopotea dagoela aitzaki hartuta, taberna ere zabalik egongo dela esan dute.
Txapelketagaz, afizionatuei zein eskolako kirolariei “txapelketa gehiago” jokatzeko aukera eskaini gura diete, baita udalerrian afizionatu mailako partidu onak sustatu ere, “azkenaldian maila horretako partidu gutxi” egon baitira. “Gure helburua afizionatu mailan bikoterik eta onenak egotea eta partidu politak ikusi ahal izatea bultzatzea izan da”, azaldu dute.
Bultzada eskolari.
Horrelako txapelketek, gainera, harrobia sustatzen dutela diote. Baina osasuntsu dago Gernika Jai Alai Eskola: 90 ume inguruk ensaiatzen dute bertan, eta hori “oso positiboa” dela onartu dute antolatzaileek. “Azken bi urteetan, Winter Series hasi zenetik gutxi gorabehera, ume askok izena eman dute eskolan. Puntistak hurbiletik ikusteak eta telebistan kirol honi buruzko albisteak ikusteak zaletasuna ekarri du”, azaldu dute antolatzaileek, eta gazteek puntistak eta kirola bera “gero eta gehiago” ezagutzen dutela nabarmendu dute.
Hala, jendeari bertaratzeko deia egin diete, txapelketaz gozatzeko aukera ezin hobea delako.