Etxebizitza turistikoen auzia landu dute Mundakan
Mundakako udal gobernu taldeko kideek etxebizitza turistikoei buruzko berbaldi informatiboa eman zuten zapatuan [martxoak 9], 12:00etan, Tribisarrospe Kultur Etxean. Hain zuzen ere, aspaldion puri-purian dagoen langaia da hori, ez bakarrik Mundaka edota Busturialde mailan, Euskal Herrian barrena ere bai. Horrenbestez, mundakarrek aretoa lepo bete zuten, eta erantzun apartekoa eman, interesa handia agertuz.
Sorne Rubio Arano Mundakako alkateak gai horren inguruan azken hilabeteetan egindako beharra azpimarratu zuen: “EH Bilduren eta Herritar Alternatibaren aldeko botoekin, azaroko osoko bilkuran etxebizitza plana onartu zen”. Era berean, Mikel Bilbao Ruiz alkateordeak udalerriko HAPO landu dutela eta, horrez gain, bertatik moldatu beharreko artikuluak “detektatu dituztela” azaldu du: “Azken horiek udaleko arkitektura bulegoagaz jorratuak izango dira”.
Berbaldian parte hartu zuten, bestalde, Ander Ganzabal Lekeitioko alkateak, Zuriñe Gojenola Lekeitioko Hirigintza zinegotziak eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak. Denek ala denek beren udalerrietako egoerak plazaratu zituzten, baita hartutako neurriak plazaratu ere.