Gautegiz Arteagako eskolako jaian elkartuko dira ekainaren 1ean
Gautegiz Arteagako eskolako bazkarirako izen ematea zabalik dago. Horrez gain, argazki erakusketa bat ere egin gura dute, eta eskola garaiko argazkiak edukiz gero, horiek antolatzaileei bidaltzeko eskatu dute.
Gautegiz Arteagako eskolan dauden familien eta eskolatik igaro diren ikasle eta irakasleen jaia ospatuko dute ekainaren 1ean (zapatua), Montorren. Hala, herriko eskola sortu zenetik gaur egunera arte bertan ibili direnei eta komunitatearen parte izan direnei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek: “Eskolako ikasle eta irakasleak izan zaretenok eta gaur egun eskolako familia zaretenok, etorri eguna ospatzera”.
Belaunaldi asko pasatu dira herriko eskolatik, eta, egun horretan, guztiak elkartzeko “aukera paregabea” sortu gura dute, festa giroan batzekoa.
Zehaztu dute bazkarirako izena eman behar dela, eta esteka honetan egin daitekeela hori; hala ere, kultur etxean ere izena emateko aukera dagoela jakinarazi dute.
Horrez gain, argazki erakusketa bat ere egin gura dute, urte luzez eskolan egindako ekitaldiak, lagunak, jaiak edota bestelakoak elkarregaz gogoratzeko. Ondorioz, ikasle edo irakasle ohiei eskola garaiko argazkiak edukiz gero, horiek montorreikasleohiak@gmail.com helbide elektronikora bidaltzeko eskatu dute.
Egitaraua.
11:30. Ongi etorria.
12:00. Pregoia, txupinazoa eta argazki erakusketa.
12:30. Montorre Tour-a.
13:00. Kalejira eskolatik plazara.
13:30. Triki poteoa tabernetatik.
15:00. Bazkaria.
17:30. Zozketak, bingo musikatua eta jolasak guztiontzat. Txosna ere irekiko dute orduan.
20:30. Xaibor disko festa.