Espaloi bat eginda, Zigerta auzoko iriste erraztasuna eta segurtasuna hobetu ditu udalak
Gernika-Lumoko Udalak Zigerta auzora sartzeko espaloi berri bat eraiki du, inguru horretako bizilagunen “irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko” helburuz. Izan ere, auzokideak “kezkatuta“ zeuden euren etxebizitzen inguruan, aparkalekurako sarbide horretan, ibilgailuak abiadura biziz zebiltzalako. Hala, udalari esku hartzeko eskatu zioten, eta udalak espaloi berria jarri du.
Hala, Lumorako errepidean, 96 metro luzeko espaloia eraiki eta kable sarea kendu dute, “arriskurik egon ez dadin”. Zehaztu dute oinezkoentzako espazio berriak bi metroko zabalera daukala, eta Gernika-Lumo, herrigunetik auzo periferikoenetaraino, udalerri “eroso” bihurtzeko udalak egindako apustuaren barruan kokatzen dela. Jarduketaren aurrekontua 61.000 €-koa izan da.