Atzoko eta gaurko emakumezko irakasleen omenez
Erroxape Emakumeen Elkarteak herriko emakumezko irakasleak omendu ditu; iraganera eta orain nahiz etorkizunera begira ipini dira.
Emakumezko irakasleei aitortza eta omenaldia egin zieten atzo [martxoak 7] bermeotar herritarrek. Erroxape Emakumeen Elkarteko lantaldeak antolatuta eta udalaren babesagaz, ekitaldia egin zuten, Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian. Bertan, “atzoko eta gaurko irakasleak” gogoan eduki gura izan zituzten, helburu argi eta garbiagaz: “Hamarkadaz hamarkada egindako behar guztiagatik esker ona erakustea”.
Egutegiko data adierazgarri hori ailegatzeagaz batera, udalerriko emakumeen elkarteak urtero-urtero emakumezkoen herriko kolektibo bat aukeratu ohi du, hura omentzeko; aurten, irakasleen txanda izan da. Hori horrela, ogibide horren ertz bi irudikatzen dituzten herritar bi izan ziren ekitaldiko protagonista nagusiak: iragana eta egindako bidea errepresentatzen dituen Encarni Padilla, batetik; bestetik, oraina eta etorkizunaren ikurra, Arantza Ormaza.
Bertaratu ziren bermeotarrek bi irakasleon bizipenak, testigantzak nahiz hausnarketak entzuteko aukera paregabea eduki zuten, lanpostu beraren ikuspegi bestelako bi jasoz. Ekitaldi “hunkigarria eta polita” izan zela adierazi dute udaletik; hain zuzen ere, egitasmoan egon ziren udal gobernu taldeko zenbait kide, tartean, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea.
Iker Gonzalez bermeotarrak egin zituen irakasle bien arteko elkarrizketaren gidari beharrak; horrez gain, Erroxapeko abesbatzak girotu zuen agerraldia, hurreratutakoen gozamenerako eta emoziorako.