Sukarrietako emakumeen lehenengo taldea sortu dute
Sukarrieta-Kanalako Emakumeen Elkartea izena jarri diote elkarteari. Sukarrietako historiako lehen Martxoak 8a antolatu dute.
Sukarrietan lehenengoz egingo dituzte aurten Martxoak 8ari lotutako ekintzak, sortu berria den Sukarrieta-Kanalako Emakumeen Elkarteak, Sukarrik, antolatuta. Iaz, Sukarrietako Udalak adineko emakumeei zuzendutako genero indarkeriari buruzko formakuntza saioak egiteko eskaintza jaso zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, eta, Aintzane Porturas zinegotziak proiektu hori aurrera eramatea erabaki zuen. Hortik jaio zen Sukarrieta-Kanalako Emakumeen Elkartea; hala, saio horretatik aurrera, elkartzen eta antolatzen hasi behar zutela erabaki zuten emakumeek.
Urtarrilean egin zuten “bigarren bilera ez ofiziala” eta hor erabaki zuten Martxoak 8rako zerbait antolatzea. Elkartea eratzearen ideia beranduago etorri zen: otsailaren 4an egin zuten bileran. Bertan elkartea osatzen duten emakume batzuk bildu ziren, eta WhatsApp taldea sortuz hasi ziren. Egun, 22 emakume daude taldean. Geroztik, beste hiru bilera egin dituzte, eta “elkartea behar bezala erregistratzeko pausoak aztertzen” aritu dira. Elkartea sortzeko prozesuan Porturasek emandako lehen pausoa “ezinbestekoa” izan zela azpimarratu gura izan dute elkartekoek.
Martxoaren 8a egun “garrantzitsua” izango dela adierazi dute: “Udaletxe aurrean kontzentrazioa antolatu dugu. Sukarrietako historian lehen Martxoaren 8a izango da, herriarentzako arrakastsua da. Gainera, ziurrenik, barikuan bertan aurkeztuko dugu elkartea ofizialki eratzeko beharrezko dokumentazioa”. Elkarteko kideak “pozik” daude, bestelako ekintzak ere antolatzen jarraitzeko “gogotsu”.
Elkartearekin bat egin nahi duten Sukarrieta eta Kanalako emakume guztiak “ongi etorriak” direla azpimarratu dute: “Momentuz elkartea osatzen dugunok adin bat daukagu, helduak gara, eta neska gazteekin ere zerbait egin nahiko genuke; hala ere, ateak zabalik daude emakume guztientzat”.
Kontzentrazioa.
Sukarrieta-Kanalako Emakumeen Elkartetik “ilusioz” begiratzen diote biharko [martxoak 8] antolatu duten kontzentrazioari –11:30etan, Sukarrietako plazuelan–, nahiz eta “jendearen erantzuna zein izango den jakin ez”. Sukarriko kideek kamiseta morez jantzita joateko deialdia egin dute, eta egun berezi horretarako zapiak ere prestatu dituzte, Emakumeok batera, beti aurrera leloarekin. Horrez gain, elkarregaz abesteko kantak ere eramango dituztela jakinarazi dute.