Euskal karabanarako 2.715 kilo batu ditu Besaldek
Osasun materiala eta ekarpen ekonomikoak ere jaso dituzte: elikagaiak erosteko 1.141 euro batu dira aurten. 20. Euskal Karabana Donostiatik abiatuko da, zapatuan [martxoak 9].
Busturialdean zehar Sahararen aldeko janari-bilketa jarri zuen martxan, beste urte batez, Besalde (Bermeo Sahararen Alde) elkarteak. Bildutakoak antolatu eta zenbaketa egin ostean, Euskal Karabanaren 20. aldirako bildutakoaren berri eman dute: aurten 2.715 kilo jaki batu dituzte, iaz. baino 657 kilo gehiago.
Aurreko urtean egin bezala, aurten ere, Busturialdeko hezkuntza zentroetan eta Bermeoko San Frantzisko elizako arkupeetan batu dituzte jakiak, Piztu Itxaropena lelopean. Herritarren erantzunaren “oso pozik” daudela adierazi dute Besalde elkartekoek: “kanpaina bikain atera da”.
Janari-bilketaz gain, osasun materiala ala ekarpen ekonomikoak jaso dituzte: elikagaiak erosteko 1.141 euro batu dituzte. Horrez gain, beste urte batzuetan egin bezala, Bermeoko Udalak 4.000 euroko aportazioa egin du karabanako logistikarako.
Eskualdean bildutakoa Ugaoko biltegira eraman zuten zapatuan. Jakinarazi dutenez, XX. Euskal Karabana zapatuan [martxoak 9] abiatuko da Donostiatik, eta martxoaren 15ean, Alacantetik.
Besalde Elkarteak, “Saharako Herriaren izenean”, eskerrak eman dizkiete kanpainan parte hartu duten norbanako, talde, entitate eta hezkuntza-zentroei. Parrokiei eta, bereziki, San Frantzisko komunitateari eta Bermeoko Udalari aipamen bereziak egin dizkiete, “lokalak uzteagatik” eta “karabanarako laguntzagatik”.