Biosfera Erreserbaren diagnostiko bat egin eta horren araberako konponbideak ematea eskatu diote UNESCOri
Orain dela 40 urte izendatu zuen UNESCOk Urdaibai Biosfera Erreserba. Horren harira, Zain Dezagun Urdaibaiek biosferak urteotan izan duen bilakaeraren inguruko gogoeta zabala egingo du. UNESCOri ere gauza berbera egitea eskatu diote, eta biosferara etortzeko gonbita luzatu diote.
UNESCOk Urdaibai Biosferaren Erreserba izendatu zuen 1984ko abenduaren 6an . 40. urteurrena ospatuko da aurton, eta hori baliatuz, Zain Dezagun Urdaibai Auzo Elkarteak berrogei urteotan Erreserbak izan duen bilakaeraren inguruko gogoeta “ahalik eta zabalena, sakonena eta aberasgarriena” egingo du.
Edorta Jimenez idazleak aurkeztu zuen, atzo (martxoak 6), auzo elkarteak hurrengo hilabeteetan jarraituko duen lan-lerroa. “Gaur hasita, bederatzi hilabete ditugu zeregin historikoak antolatzeko. Gaur bertan ekingo diogu lanari, eta gure asmoa ekimen hauek gizarteko agente eta herritar guztiei helaraztea da”, azaldu zuen Jimenezek.
Zain Dezagun Urdaibaien nahien artean dago egingo duten gogoeta zabala UNESCOri helaraztea. Mundu mailako erakundea “gure erreserbara” etorraraztea da asmoa; zeregin batekin, baina, diagnostiko bat egin dezatela. Diagnostiko horrek galdera bateri erantzutea eskatzen du auzo elkarteak: 1984ko izendatzearen helburuak bete al dira? Erantzuna ezezkoa izatekotan, zertan ez diren bete eta aurrerantzean egin beharrekoaz edo egin litekeenaz iritzia ematea eskatzen diete. Baiezkoa izanez gero, zertan hobetu litekeen proposatzea nahi dute.
“Proiektu honen aurka denok mobilizatu behar garela” aldarrikatu du Zain Dezagun Urdaibaiek.
Hurrengo hilabeteetarako dituzten proiektuen artean daude mahainguruak eta hitzaldiak antolatzea, ikus-entzunezko lanak sortzea edota biosferatik zehar egingo diren ibilbideak antolatzea. Horrez gain, Guggenheimen proiektuaren aurkako antzerako ekitaldietara joateko prestutasuna erakutsi dute elkartetik; beti ere, beraien logoa islatuta dagoenean. Antolatutako ekimen guztietara gonbidatu dituzte herritarrak, izan ere, “proiektu honen aurka denok mobilizatu behar garela” aldarrikatu dute.
Urdaibaiko Guggenheimen proiektua “gutxinaka-gutxinaka” aurkeztutakoa dela azaldu dute. Hilabete batzuk pasata, proiektuaren zati bat ezgutarazten dute. Zati bat aurkezten duten bakoitzean, Zain Dezagunek “azterketa sakon” bat egiten du, eta horren arabera alegazioak aurkezten ditu. Dagoeneko, 14 alegazio aurkeztu dituztela jakinarazi, eta 15. prestatzen ari direla aurreratu dute.
1984an, Unescok Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zuenean, zonalde bat zehaztu zuten biosfera erreserbatzat. Zain Dezagunentzat, baina, Urdaibai zabalagoa da. Gainera, erakunde batzuek Urdaibai nola saltzen duten salatu dute. “Urdaibai ez da surflandia. Azkenaldian ikusten ari garenez, Mundaka Errekako behe estuario baino ez dute saltzen, eta Urdaibai hori baino askoz zabalagoa da: baserri guneak ditugu, landa-eremuz inguratuta gaude. Ez da kirolerako eta aisialdirako gune bat”, kritikatu dute.
Guggenheim proiektuaren aurka dauden askoren arrazoimena da hegazti eta animali asko espezie arriskuan egongo direla. “Bat gatoz arrazoimen horrekin, baina haratago joan behar gara. Biosfera Erreserbaren legearen helburua zen biosferaren jasangarritasuna lortzea. Bermeoko Portua eta Gernika-Lumo industriala dira adibiderik garbienak. Ezin dira horiek ordezkatu“, gaitzetsi zuen Jimenezek.
Astra eta Dalia, adibide.
Industria adibideekin jarrita, Jimenezek eskualdeko kasu bi jarri zituen mahai gainean: Astra eta Dalia. “Astra Lehen Mundu Gerra garaian eraikitako enpresa bat izan zen. Bertan, jendea hiltzeko materiala sortzen zen. Gaur egun, ordea, eskualdeko kultura bultzatzaile nagusia dela esan daiteke. Daliaren kasuan, urte askoan eskualdeko famili askoren sostengu izan zen. Gaur egun, eskualderentzat kaltegarria izateko arriskuan dago”, konparatu zituen.
Zain Dezagun Urdaibai: “Astra Lehen Mundu Gerra garaian eraikitako enpresa bat izan zen. Bertan, jendea hiltzeko materiala sortzen zen. Gaur egun, ordea, eskualdeko kultura bultzatzaile nagusia dela esan daiteke”.
Biosfera Erreserba inbaditzen ari diren hainbat elementu daudela salatzen du elkarteak; turismoa, txaleten eraiketak edo eukaliptoaren zabalkundea jarri zituzten adibidetzat. Azken hori izugarrizko arazoa dela azpimarratu zuten eta horrekin bukatzea eskatu zioten erakundeei.
Abenduaren 6ko egunaz gain, beste data garrantzitsu batzuk gogoratu zituzten atzoko ekitaldian. 1989 uztailaren 6an, Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen babesmen eta antolaketarako legea. Natur interesa, zientzia, hezkuntza, kultura, aisialdia eta interes sozioekonomikoa babestea zen legearen helburua. Lege hori uztailaren 31n agertu zen EAEko boletin ofizialean.
Alde edo kontra dauden iragartzea.
Jimenezek hitzaldiarekin bukatu zuenean, galderetarako txanda ireki zen. Momentu horretan atera zen apirilaren 21ko hauteskundeen gaia. Horren harira, Zain Dezagunek mezu argi bat zabaldu zuen: “Lehendakaritzara aurkeztuko diren hautagai denei eskatzen diegu Guggenheimen inguruan duten iritzia plazaratzea. Alde edo kontra daude esatea. Ezin dira erdibidean geratu, beraien iritzia jakin nahi dugu”, eskatu zuten.
Hauteskundeen harira, elkartetik jakin dutenez, Ernest Urtasun Espainiako Kultura Ministroa Euskal Herrira etorriko da kanpaina egitera. Hori baliatuz, elkartetik biosfera ezagutzera gonbidatuko diotela aurreratu dute. “Jakin dugunez, Urtasun gure ingurutik ibiliko da kanpaina prozesuan. Guggenheimen aurkako iritzia zabaldu duenez, gure gonbita onartzeko aukerak ditugula uste dugu”, azaldu dute.
Hurrengo ekitaldie begira, aurreratu dute, gitxienez, hilabetean behin antolatuko dutela “zerbait”.