Aldarria, dimentsio guztietara
Feministek emakumeen bizitzekin negoziorik ez egiteko eskatuko dute, eta Itaiak sozialismoa erakitzea; Emakundek adineko andren ahalduntzeko lana aitortuko du.
Zaintza ereduaz berba egiten aritu dira azken urteetan feministak, eta iazko greba orokorreko aldarrien lekukoa hartuko dute biharko Martxoaren 8ko aldarrikapenek. Emakume adinduek gazteenen ahalduntzean egindako ekarpena goraipatuko du Emakundek, eta sozialismoa eraikitzeko beharra adieraziko du Itaiak. Mobilizazioak deitu dituzte han eta hemen.
Bermeon, Bermeoko Mugimendu Feministak deituta, 19:00etan jarri dute hitzordua Goiko plazan, eta Gernika-Lumko Sare Feministak, 19:00etan jarri du hitzordua, Merkurion. Itaiakoek 20:00etan egingo dute mobilizazioa, Merkuriotik hasita. Ean, 19:30ean mobilizatuko dira, elkarretaratzea egingo baitute plazan. Ibarrangelun ere, elkarretaratzea egingo dute, baina 19:00etan plazan. Mundakan, berriz, 18:30ean hasiko da manifestazioa Erreka auzotik.
Azaroaren 30eko eskaerei eutsiko die Euskal Herriko Mugimendu Feministak; hala, zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde egingo dute Gure bizitzekin negoziorik ez! lelopean. “Sistema publiko baten beharra aldarrikatu dugu, eta pribatizazioa salatzen jarraitzen dugu. Sistema arrazista erauzteko aliantzak ehuntzen ari gara. Gobernantza ereduak zalantzan jartzen eta bestelako ereduak exijitzen ari gara. Proposamenak, sareak, mugimenduak eta lorpenak artikulatzeko aukera bizi dugu”, adierazi dute feministek, eta euren borroka “dimentsio askotara zabaltzen” ari direla diote.
Euskal gobernuen “kudeaketa penagarria” salatu dute, zaintza langileen lan baldintzak hobetzeko ez dela inolako neurririk hartzen azpimarratuz. “Sistema publikoa indartu beharrean, pribatizazioan sakontzen jarraitzen dute”, arrazoitu dute.
IAZKO BERMEOKO ARGAZKI GALERIA
Eta, diotenez, zaintzaren problematikak borroka feminista dimentsio ugaritara zabaltzeko aukera eman die, “ardatz ezberdinetan zapaltzen dien sistemari, beste sistema baten proposamenarekin” erantzunez. Izan ere, gogoratu dute sistema heteropatriarkal “kapitalista eta arrazista” honetan emakume langileak direla “kolpatuenak”. Esan dute soldata arrakala ikusi besterik ez dela egin behar adierazpen hori baieztatzeko. “Emakumeok ditugu lan prekarioenak; lan erregimen orokorretik kanpo dauden lanen gehiengoa ere emakumeon gain dago, eta ordaindu gabeko lana ere bai”. Horregatik guztiagatik diote hori iraultzeko neurriak hartzea “berariazkoa” dela. “Bizi dugun sistema heteropatriarkala suntsitu eta bizi eredu eraldatzaileak eraikitzera goaz. Urgentziazko neurriak adostu, exijitu eta hartu behar ditugu”.
Hala, mugimendu feministak helburu nagusitzat dauka emakumeen “lan indarra esplotatzen duen sistema heteropatriarkalari aurre egitea”, hainbat arlotan: “Etxean, enpleguan, baita dohainik eta aitortu gabe egiten ditugun zaintza lanetan ere. Horrek zuzenean kondenatzen gaitu prekaritatera eta etengabeko zapalkuntzan bizitzera”.
Politika eraginkorrak exijitu ditu mugimendu feministak
Eta sistema hori eraldatze aldera, politika eraginkorrak exijitu ditu mugimendu feministak, eta gogor kritikatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zaintza ituna: “Saiatzen ari dira gure diskurtsoaz jabetzen, baina itun horrek ez digu ezertarako balio ez bada publifikazioaz hitz egiten, ez baldin bada pribatizazioaren aurka berba egiten edo ez baldin bada atzerritartasun legea deuseztatzeaz hitz egiten”.
Belaunaldiartekotasuna
Bestalde, Zuetaz Harro kanpainaren bidez, ahaldundutako emakume bakoitzaren atzean ahalduntzera bultzatu duen beste emakume bat egon dela ikusarazi gura du Emakundek. Emakume adinduek gazteenen ahalduntzean egindako ekarpena goraipatu gura du, belaunaldien arteko harremanaren garrantzia azpimarratuz. Horrez gain, berdintasunaren aurrerapenean emakumeen ahalduntzeak duen funtsezko garrantzian eta adineko emakumeen balorazioan sakondu gura dute.
“Harro gaude gure aurretik egon diren emakumeez, funtsezkoak izan baitira gure ahalduntze prozesuan eta, ondorioz, gure gizartean berdintasunak aurrera egin duelako”, azpimarratu du Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Hori dela eta, kanpainak txalotu egin du adineko emakumeen ekarpena, “haien eskubideak nabarmen mugatu dituztelako eta, horregatik bihurtu direlako ahalduntzeko eragile”.
Adineko emakumeen ahalduntzea azpimarratu gura dute
Ildo horretan, erakundeen mezuak adineko emakumeen ahalduntzea ere azpimarratu du, batzuetan zahartzaroaren estereotipo hedatuak oztopatzen baitu hori: “Adineko emakumeen, aktiboen eta parte hartzeko bokazioa dutenen artean dagoen aniztasuna erakutsi behar dugu”.
IAZKO GERNIKAKO ARGAZKI GALERIA
Kanpaina berri honek emakumeak “iraganarekin lotzen” eta “etorkizunera proiektatzen” dituela uste dute, “ikusten ez den berdintasun kate baten bidez”.
Esther Apraiz Eudeleko presidenteak dei egin die euskal udalei, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak diren aldetik, euren udalerrietako emakumeen historia berreskuratzeko erantzukizuna hartzera, “emakumeek eta borroka feministek berdintasunaren aurrerapenean egindako ekarpena aitortzeko, adineko emakumeen egungo belaunalditik hasita”.
Adinekoei, ahotsa
Hain zuzen ere, Oneka Emakume Pentsiodunen plataformako kideek ere emakumeen eskubideak defendatzeko deia egin dute, bereziki adinekoena. Diotenez, lehentasunezko konpromisoetako bat da zainduak izateko eskubidea gauzatzea, “zahartzaro duina izateko”. Gogoratu dute egungo adineko emakume askok euren bizitzako esparru askotan, beste pertsonen zainketari eskaini diotela denbora “ia esklusiboa”, inolako ordainsaririk barik. Salatu dute urte guzti horietan gizarteari emandako Barne Produktu Gordinaren ehunekoa “oso altua” izan dela, eta, hala ere, “gizarte eskubideez, bete gabeko erantzukizun publikoez eta administrazioek emakumeekiko hartu duten erreparazio betebeharraz” berba egin behar dutela. Hala, zaintza sistema publikoa eta unibertsala eskatu dute.
Muxika, Ibarruri eta Gorozikako andren mugimenduaren 10. urteurrena ospatuko dute etzi
Itaiakoek, euren aldetik, emakume “langileen zapalkuntzagaz” amaitzeko oinarriak jarriko dituen gizarte sozialista eraikitzeko deia egingo dute: ”Inoizko garairik aurrerakoiena dirudien honetan, indarkeria matxistaren forma berriak gorpuzten ari dira, eta politika instituzionalak ezin dio horri aterabiderik eman. Horren aurrean, emakume langileoi, gure interesak erdietsiko dituen antolakuntza politiko independentea garatzea eta indartzea dagokigu”.
Ekintzak nonahi
Eskualden denetariko jarduerak antolatu dituzte Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan. Muxikan, esaterako, ikuskizun batek hartuko du etzi, biharko aldarrikapenen lekua. Izan ere, Muxika, Ibarruri eta Gorozikako andren mugimenduaren hamargarren urteurrena ospatzeko gala antolatu du Oxigastra Curtisiik. Hamar urteen errepasoa egingo dute dantzan, berbaz eta gonbidatuekin: Miren Amuriza, Uxue Alberdi eta Haize Arrosa musika taldea hurbilduko dira udalerrira.
“Antzerki batean batu ginenetik hamar urte beteko dira aurten, eta ospakizun berezia da zenbaki borobila delako, baina, atzera begira gauza asko lortu ditugulako ere bai. Lortu dugu historia kontatzea, lortu dugu ahalduntzea, lortu dugu ikusgarritasuna, lortu dugu gure arteko sareak sendotzea”, adierazi dute taldekideek. Lorpenik handiena, hala ere, belaunaldien arteko eta udalerriko hiru herrietako auzoen arteko saretzea izan dela azpimarratu dute, “euren artean sortu den elkartasuna”.
Bizitza ospatu egin behar dela oinarri hartuta, euren artetik joan diren taldekideen omenez ospatuko dute eguna, bizitza ospatzen jarraitu gura dugutelako: antzezten, irteerak egiten, ekitaldiak prestatzen, eta eurek direna izaten. “Etzikoa horren laburpena izango da, horregaitik deitzen da Hamar urte, hamaika sentipen. Gainera, bide honetan, beste modu batera, gure erreferente eta bidelagun izan diren batzuk ere animatu dira gurekin parte hartzera”, gehitu dute. Hala, urteurrren borobila izango da: “Inork ez zuen pentsatzen honaino ailegatuko ginenik, eta heldu gara, eta jarraitzeko esperantza daukagu“.
Arratzun, berriz, Katalin Allendek bakarrizketa eskainiko dute bihar, eta Gernika-Lumon, Eulalia Abaitua argazkilariari buruzko antzerkiak beteko du Lizeo Antzokia etzi. Horrez gain, Gernikako Institutuko ikasleek greba deitu dute biharko, eta DBHko 3. eta 4. mailakoen eta batxilergoko ikasleen %92ak bat egingo dute deialdiagaz. Ekintza horiez gain, bestelakoak ere antolatu dituzte, eta ez dira faltako mobilizazioak.