Zornotzarrak, Ibarrurin nagusi
Itsasne Urkiaga Mugarra eta Ander Gerrikaetxebarria San Anton zornotzarrak gailendu dira Ibarruriko Mendi Lasterketan. Eguraldi petrala gorabehera, 400 lagun inguru elkartu dira lasterketan eta martxa bietan.
Eguraldia lagun izan ez arren, aurtengo Ibarruriko Mendi Martxak eta Lasterketak ez dute kale egin. 400 mendizale inguru elkartu ziren domekan [martxoak 3], mendia, aisialdia eta kirola ezkontzen dituen egitarauaz gozatzeko. Aurten, Ibarruriko hitzordua ezin izan da Urdaibaiko Koparen parte izan, baina, edozelan ere, herritarrek gogo onez erantzun diote XI. ekitaldiari. Jende asko elkartu zen bai 21 kilometroko, bai 9 kilometroko mendi martxetan. Horrez gain, mendi lasterketak ere erantzun ederra eduki zuen.
Lasterketak, hain zuzen ere, Zornotzara egin zuen: Itsasne Urkiaga Mugarrak eta Ander Gerrikaetxebarria San Antonek beraien legea ezarri zuten. Ibilbidean zehar, denetarik eduki zuten irteera hartu zuten 76 parte hartzaileek: euritea, haizetea edota elurtea. Ibilbide gogorra, lokatzez josia eta teknikoa bete behar izan zuten; punturik gorena soineko zuriz jantzita topatu zuten, gainera. Izan ere, Astoagana gailurrera eta San Kristobal baselizara heltzeagaz batera, elurra lasterketako ekuazioan sartu zen. Ordurako, lasterketa Gerrikaetxebarriaren eta Arrolape Mendi Klubeko Ekaitz Lejarzegi Urizar ajangiztarraren artean zegoen; atzean, bakarkako lasterketa eginez, Paul Goitisolo Otazua gernika-lumotarra podiumeko hirugarren postuaren lehian zetorren.
Gerrikaetxebarriak lasterketako bigarren zatian egin zituen aldeak, eta Lejarzegi bigarren postuagaz konformatu behar izan zen
Lasterketaren bigarren zatian, baina, zornotzarrak urrats bat aurrera egin zuen, eta 01.43.42ko denboragaz poltsikoratu zuen garaipena; Lejarzegi arrolapetarra minutu bat baino gutxiagora helmugaratu zen; Goitisolo, ostera, 01.48.21eko denboragaz iritsi zen Ibarrurira. Gizonezkoen beterano mailan ere, beste zornotzar bat nagusitu zen: lanak 02.11.43ko denbora egin zuen Jokin Azarloza Gonzalez. Gazteen sailkapenean, 01.59.24ko erregistroagaz, Unai Alberdi Izagirre gailendu zen.
Urkiaga maisuki, bost minutuko aldeagaz, nagusitu zen emakumezkoen senior mailan
Urkiaga, aurkari barik.
Emakumezkoen sailkapeneko garaileak malgutasunez lortu zuen garaipena. 02.23.33ko denbora eginik, bost minutuko aldea urratu zuen bigarren sailkatu Zuriñe Frutos Gutierrez arabarrarekiko. Senior mailako emakumezkoen podiuma beste arabar batek, Alejandra Bueno de Santiago gasteiztarrak, osatu zuen, Ibarruriko helmuga 02.40.08ko denboragaz harrapatuz.
Saltsamendi Kultur Elkarteko antolakuntza lantaldetik XI. aldiaren balorazio “oso positiboa” egin dute, domekako aldarteak prestatuta zuten egitaraua zenbait alderditik “mugatu” egin zuen arren: “Umeentzako jolasgunea egitea geneukan pentsatuta, baina euriak galarazi egin digu; dena dela, hurrengo urterako gordeko dugu egitasmo hori, adin denetakoak eguneko jaiaren parte izan daitezela gura baitugu”.
Bihurritutako orkatila bat salbu, ez zen istripurik egon; antolatzaileek balorazio “positiboa” egin dute
Era berean, mendizaleei “eskerrik beroenak” eman dizkiete, eguraldiari aurre egitearren eta, beste urte batez, probari “bizitasuna” emateagatik: “Martxa luzeko parte hartzaileek, batez ere, ordu dezente egin zituzte aro oso eskasagaz, eta alde horretatik eskertuta gaude; oro har, erantzun polita eman dute guztiek eta, gainera, ez zen inongo istripurik egon, bihurritutako orkatila bat salbu”.