SOMEko musikariek Herriz Herri kontzertu ziklo berria abiatuko dute Muxikan
Etzi (martxoak 7), 19:00etan, Muxikako Ariatzako elizan elkartuko dira musikazaleak. Abiaputua Muxika izango bada ere, Busturia, Forua eta Gautegiz Arteaga ere bisitatu gura dituzte.
Iaz izandako arrakasta ikusita, Segundo Olatea Musika Eskolako ikasle eta irakasleek Herriz Herri kontzertu ziklo berri bati ekingo diote etzi (martxoak 7), Muxikan; 19:00etan Ariatzako elizan elkartuko dira musikazaleak. Abiaputua izango da Muxika, baina gero, Busturia, Forua eta Gautegiz Arteaga bisitatuko dituzte.
Hala, berriro ere, musika eta magia uztartuko dituzte kontzertu berezi horietan, eskolako bi orkestrek, ganbara taldeak eta Julen Magoak parte hartuz.
Hurbiltzen diren guztiek garai eta estilo ezberdinetako musikaz beteriko errepertorioa entzuteko eta horretaz gozatzeko aukera izango dute: Bach, Beatles, Ken Zazpi, Billie Eilish… “Adin guztietako herritarrentzat aproposak” diren kontzertuak prestatu dituztela azpimarratu dute antolatzaileek.
Muxikako emanaldiaz gain, Busturikoa ere zehaztu dute: martxoaren 19an, 19:00etan, Altamirako kultur etxean. Horrez gain, euren asmoa da maiatzean eta ekainean Forura eta Gautegiz Arteagara joatea.