Milioi bat aldiz igo dira Bidebusara
2010tik, 1.013.399 erabiltzailek erabili dute Bidebusa zerbitzua.
Orain dela 14 urte jarri zuen martxan Bidebusa zerbitzua Gernika-Lumoko Udalak. Ordutik, milioi bat erabiltzaile baino gehiago izan ditu herriko autobusak; zehatz-mehatz, 1.013.399 erabiltzaile.
Udaletik azpimarratu dutenez, datu horiek herritarrek Bisebusarekiko duten fideltasunaren “erakusle argia” dira. Herritarrek, “dohakoa den eta ordutegi zein geltoki ugari” dituen zerbitzua erabiltzen dute.
2012a, 84.553 erabiltzailerekin, 2018a, 83.019 erabiltzailerekin, eta 2019a, 84.043 erabiltzailerekin, izan dira Bidebusak datu onenak lortu dituen hiru urteak. 2010tik, zerbitzua martxan jarri zutenetik, ibilbidea eta ordutegia erabiltzaileen beharizanetara moldatzen joan da udala. Aldaketa horiei esker, Bidebusa herriko erdiguneko kaleetatik kanpoaldeko auzoetaraino iristen da.
Udaletik gogoratu dutenez, autobus zerbitzuak ibilbide zirkularrak egiten ditu astelehenetik zapatura, 8:10etatik 13:30etara eta 14:45etatik 19:30etara. Ibilbidea Lorategieta auzoan hasten da eta ordu bateko maiztasunarekin ateratzen da jomugatik. 16:45etan ateratzen dena, ordea, Seber Altube ikastolako geltokitik abiatzen da. Autobusak 22 eserleku izateaz gain, zutik doazen 25 pertsonarentzako tokia eta ezgaitasunen bat duten pertsona birentzako espazioa dauka. Gainera, azken horiek autobusera igon daitezen, Bidebusak plataforma igogailu bat dauka.
Ohiko Bidebusa zerbitzua herriko txoko gehienetara iristen den arren, badaude auzo batzuk zeinetara iristen ez den. Horregatik, Zallo, Arana edo Lumoko auzoen bezala, hirigunetik hurrunduta dauden auzoetara iristeko, Bidebus Txikia zerbitzua eskaintzen du udalak. Garraio hori erabili nahi duenak, egun bateko aurreikuspenarekin abisatu beharko du, beti ere 19:30ak baino lehenago, 696 95 64 51 telefonora deituz.