Sei urte, helburu bat: pentsio duinen lorpena
Busturialdeko pentsiodunek pentsioak 1.080 eurora arte igotzeko 14 ordainsaritan osatzeko aldarrikapena haizeratu dute. Horrez gain, zaintzaileen soldataren eta lan baldintzen hobekuntzak eskatu dituzte.
Azkenenengo sei urteetako astelehen guztietan bezala, Busturialdeko pentsiodunak Foru Plazan batu dira gaur [martxoak 4]. Gaurkoa, baina, berezia izan da: Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatzen den astean sartu dira pentsiodunak ere, eta, horrekin batera, aldarrikapen bereziak plazaratu dituzte. Zehazki, bi izan dira egindako eskaerak: gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte igotzeko eta 14 ordainsaritan osatzeko eskaera eta, horrekin batera, “guztiontzako zaintza duinen aldarria” egiten jarraitzea:” Zaintza duinak etxean eta egoitzetan”.
Busturialdeko pentsiodunek gogoratu duten bezala, hiru hilabete pasa dira azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorretik. “Denok, gizon zein emakume, kalera atera ginen, zaintzarako eskubide kolektibo baten alde, eta zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatu genuen”, azaldu dute pentsiodunek. Eskaera horiek komunikabideen lehen orrietara helaraztea lortu zutela azpimarratu dute, baina ez dira horrekin konformatzen.
Greba Feminista Orokorreko eskaerei erantzunez, Eusko Jaurlaritzak, EAEko hiru foru aldundiek eta EAEko hiru hiriburuetako udalek Zainketen Aldeko Herri-Ituna sinatu zuten otsailaren 22an. Instituzioek adierazi zutenez, 14 konpromiso hartu zituzten gutun horren barruan. Pentsiodunek salatu dutenez, baina, konprimisook “orokorkeriaz jasotakoak” izateaz gain, ez dute ekintza zehatzik adierazten. “Zaintza sistema publiko, unibertsal eta kalitatezko bati buruzko aipamenik ere ez dute egiten”, gaitzetsi dute.
Zaintzara bideratutako laguntzak.
Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien arabera, pertsona batek ahalik eta denbora gehien egon behar du etxean zainduta. Pentsiodunek ere berbera uste dute. Horregatik, azken horiek gogor kritikatu dituzte erakundeek zaintza lanetarako bideratzen dituzten laguntzak. Azaldu dutenez, erakundeek 100 eta 500 euro bitarteko txekeak banatzen dituzte eta aldundi bakoitzak, laguntza kantitate desberdinak banatzeaz gain, horiek emateko irizpide desberdinak dauzkate. “Askotan, zaintzaz arduratzen den migratu bati ordaintzeko bideratzen da diru hori. Hori ez da zaintza duina, ez zainduarentzat, ez zaintzailearentzat”, nabarmendu dute.
Busturialdeko pentsiodunak: “Askotan, zaintzaz arduratzen den migratu bati ordaintzeko bideratzen da diru hori. Hori ez da zaintza duina, ez zainduarentzat, ez zaintzailearentzat”
Etxeko zaintzak “profesionalizatua, integrala eta kudeaketa publikoaren bidezkoa” izan behar duela aldarrikatu dute. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuetan oinarritzeaz gain, ezinbestekotzat jotzen dute zainduen premiei behar bezala erantzuten dien zerbitzua izatea; gaitasun ekonomikoak zaintza zerbitzua ezin duela baldintzatu uste dute. Azkenik, emakume langileentzako soldata eta lan-baldintza duinak bermatzen dituen zerbitzua eskatu dute.
Pertsona bati zaindua izatea baino ez zaionean geratzen, lehenenengo zaintza zerbitzuak tutoretzapeko etxebizitzetan edo etxebizitza komunitarioetan izan behar dutela diote pentsiodunek; hala ezin bada, egoitzetara jo behar dela uste dute. Horregatik, egoitza-eredua aldatu behar dela haizeratu dute: “Gure etxebizitzetatik hurbil dauden eta txikiak diren egoitzak bultzatu behar ditugu, etxean bezala sentiarazi gaitezen”.
Busturialdeko pentsiodunak: “Lehentasuna kalitatezko zaintza da, eta ez enpresa kudeatzailearen negozioa. Horregatik, zaintza-zerbitzuen kudeaketa publikoa izatea eskatzen dugu”
Egoitzak kalitatezkoak izatea helburu, ezinbesteko ikusten dute langileen soldata eta lan baldintzak duinak izatea. Horrez gain, langileen zereginetatik abiatutako arreta-ratioak eskatu dituzte. “Argi esanda, lehentasuna kalitatezko zaintza da, eta ez enpresa kudeatzailearen negozioa. Horregatik, zaintza-zerbitzuen kudeaketa publikoa izatea eskatzen dugu”, esanez bukatu dituzte egoitzen inguruko aldarrikapenak.
Erakundeei eskaerak.
Aldarrikapenekin amaitzeko, pentsiodunek hurrengo eskaerak egin dizkie Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, aldundiei eta udalei: “Zainketen inguruko eztabaida sozialari modu parte-hartzailean heldu, maila desberdinetan erakundeen arteko mahaiak osatu, eta bai erakundeen, bai mugimendu feministaren eta eragile sindikal eta sozialen parte-hartzea sustatzea”.
Elkarretaratzearekin bukatzeko, antolatzaileek martxoaren 8rako antolatutako mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu dituzte hurbildutakoak; emakumezkoei zein gizonekoei luzatu diete deialdia.