Pablo Gonzalezen babesgabetasuna salatu eta kazetariaren askatasuna eskatu dute Nabarnizen
Gonzalezen espetxealdia "prentsa askea isiltzeko beste ahalegin" bat dela salatu zuten Nabarnizen 200 lagunek baino gehiagok. "Prentsa askatasuna eta giza eskubideen alde, Pavel etxean nahi dugulako, altxa ditzagun ahotsak eta danon artean ozen esan: Pavel askatu!".Ā
Eguaztenean (otsailak 28) bi urte bete ziren Pablo Gonzalez Pavel atxilotu zutenetik, bere kazetaritza beharra egiten zebilela, azalpenik eta proba zehatzik eman barik. Zortzi aldiz luzatu diote prebentziozko espetxeratzea, hori ere epaiketarik eta salaketarik barik. Eta urtebete igaro zuen bere konfiantzazko abokatuagaz berbarik egin ahal izan barik. Hori dela eta,eta kazetariak bizi duen errealitatea salatzeko asmoz, 200 lagun baino gehiago mobilizatu ziren atzo (martxoak 3) Nabarnizen. Gonzalezen babesgabetasuna salatu eta bere etxeratzea eskatu zuten elkarretaratzean, lehenengo, eta manifestazioan, gero.
“Ez diote eman bere burua defendatzeko aukerarik. Bere bizitzako bi urte kendu dizkiote, bere errugabetasuna frogatu barik. Epaiketarik barik, errugabetasuna probatu barik eta kargu barik. Bi urte daramatza isolamenduzko erregimen batean, bere seme txikiak ez ikusi ez entzun barik, familiagaz eta lagunekin egon barik. Zerua ikusteko aukerarik ematen ez duen ziega batean dute 23 orduz, osasunerako kaltegarriak diren baldintzetan; kalefakzio barik dago gainera, neguan zero azpiko tenperaturak edukitzea ohikoena den herrialde batean”, gogoratu zuen atzo Jose Antonio Maruri Nabarnizko alkateak. Ez zuen ahaztu salatzea Poloniako justiziak prebentziozko atxiloaldia nahi beste luza dezakeela, gainera.
Hori dela eta, Pavelen babesgabetasuna salatu zuen: “Udaletik, poloniar justiziak Espainiako Gobernuaren onarpenagaz giza eskubideen kontra darabilen jokaera salatu gura dugu. Ezin dugu hori onartu”. Horregatik, Paveleri bere errugabetasuna defendatzen utz diezaiotela eskatu zuten. “Ekar dezatela etxera; Pavel Euskal Herrira, orain”, esan zuen alkateak.
Gogoratu zuen Gonzalezek kazetaritza lan zorrotzak egiten zituela, eta “ahal zuen inpartzialtasun handienagaz” informatzen zuela. “Zoritxarrez, Euskal Herrian badakigu zer den prentsa askea zigortuta izatea, informatzeko eta informatuak izateko daukagun eskubideen urraketa sufritzea, eta Pavelena beste horrelaako kasu bat delakoan gaude”, aitortu zuen, Gonzalezena “prentsa askea isiltzeko beste ahalegin” bat dela azpimarratuz. “Askatasunez informatuak izateko eskubidea daukagu, eta horren alde borrokatu behar dugu. Prentsa askatasuna eta giza eskubideen alde, Pavel etxean nahi dugulako. Altxa ditzagun ahotsak eta danon artean ozen esan: Pavel askatu! Pavel etxera!”.Ā
Oihana Goiriena Gonzalezen bikoteak herrikideeiĀ eta inguruko bizilagunei euren babesa eskertu zien: “Eskerrik asko denoi gaur hemen batzearren. Eskerrik asko azken bi urte hauetan gure alboan izatearren eta Pavelen kasua ozen salatzearren. Zuen moduko jendearengandik izango ez balitz, bere kasua erdi ahaztuta egongo litzateke. Baina badauzkagu beharrizanak gaur, bihar eta oraindik ere apur batean ere bai. Beraz, egin dezagun aurrera elkarregaz, mesedez, Pavelen kasua ez ahazteko, bera kartzelatik atera eta Poloniatik hona ekarri arte”.
Goirienaren berbak entzun ostean, txalo zaparradagaz amaitu zuten Nabarnizko mobilizazioa.