Olatz Arrizabalaga Binakako MLK Txapelketako finalean egongo da
Olatz Arrizabalagak eta Itxaso Erasunek 22-14 irabazi diete Olatz Beitiari eta Nora Mendizabali, Binakako MLK Txapelketako finalerdian. Enara Gaminde eta Madalen Etxegarai izango dituzte arerio martxoaren 17ko finalean.
Olatz Arrizabalagak eta Itxaso Erasunek Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketako finalerdietako partidua irabazi dute eta, ondorioz, lehiaketako final handian egongo dira. Elgoibarko ikastolako pilotalekua izan zen finalaurrekoen agertokia, eta kantxa “berezia” izan zen lau pilotarientzat. Gernika-lumotarra eta zizurkildarra 22-14 nagusitu zitzaizkien Olatz Beitia lekeitiarrari eta Nora Mendizabal andoaindarrari.
Garaipena gorabehera, aurrelariak azaldu du jokatutako partiduagaz ez zela “batere asebeteta” geratu. Izan ere, Elgoibarkoa frontoi txikia eta bestelakoa da, eta Arrizabalagari asko kostatu zitzaion dimentsio haietara egokitzea. Doitze horren bestaldean, baina, Erasun izan zen partiduko pilotaririk azpimarragarriena: sendotasuna eta fidagarritasuna erakutsi zituen atzealdeko koadroetan. 7-3 aurreratzeagaz batera, argi eta garbi geratu zen hautagaiak are hautagaiago izango zirela. Beitiak ausart jokatu zuen, eta Arrizabalagari hutsegite batzuk egitea eragin zion. Azken txanpan, aurrelaria apur bat hobeto aritu zen, baina une batean ere ez zuen lortu partiduan sentsazio positiboak aurkitzerik.
Beste finalerdian, Enara Gaminde eta Madalen Etxegarai nagusitu ziren Amaia Aldairen eta Arrate Bergararen aurkakoan. Estilo arteko talka nagusitu zen Aldairen eta Gaminderen artean, partiduari erritmoa nork ezarriko. 8-0 atzetik joan arren, Gamindek eta Etxegaraik markagailua irauli zuten, eta 22-16 nagusitu ziren. Finalera begira, Arrizabalagak azpimarratu du Gaminde “egungo pilotaririk sendoenetakoa” dela uste duela: “Erasuni buruko minak emango dizkio finalean; bere jokoari eusten saiatu beharko da, eta ni, atzerago mugituta, hari laguntzen”. Finala martxoaren 17an jokatuko dute, Arrasateko Uarkape frontoian.
Olatz Arrizabalaga: “Binakakoaren finalaurrekoan, beste barik, ez nuen gorputzaldirik onena eduki; egun txar bat besterik ez zen izan”
Binakako MLK txapelketako finala ortzimugan duela, Arrizabalagak ez du atsedenerako tarterik edukiko: barikuan [martxoak 8], Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko du, Gamindegaz bikotea osatuta. Aurkaria, beraz, bikotekide izango du Arrizabalagak. Final hori, azaldu duenez, Elgoibarren bizitako sentsazio txarrak “ahazteko” balioko dio: “Binakakoaren finalaurrekoan, beste barik, ez nuen gorputzaldirik onena eduki; egun txar bat besterik ez zen izan, seguru asko, kantxaren berezitasunak eta urduritasunak sortua. Barikukoari begira, Zumaian jokatuko dute, Leire Garairen eta Nora Mendizabalen aurka. Arerioak, horrenbestez, “sobera ezagunak” izango ditu Arrizabalagak. Bi finaletan garaipena lortzea izango du jomuga, alde fisikotik “inoizkorik hoberen” baitago.