Laburbirak herriz herri ikusi ahalko diren film laburrak aukeratu ditu
Udal eta elkarteek martxoaren amaierara arte dute aukera zirkuituan izena emateko.
21. Laburbira euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuituko lan aukeratuak apirilaren 12tik maiatzaren 12ra arte ikusi ahalko dira. Aurrestreinaldia apirilaren 11n egingo dute Durangoko Zugaza zinema aretoan. Gero, haien herria zirkuituaren geltoki izan nahi duten udal edo elkarteek izango dute aukera. Horretarako, martxoaren amaierara arte egin daiteke eskakizuna.
Hain zuzen ere, aurten 22 lan aurkeztu dira eta zortzi izan dira hautatuak:
- Dena asmatuta dago (Jone Arriola)
- Katalinaren zoria (Guillermo Ordas)
- Erro (Amaia Lejarreta)
- Babesa (Ander Iruretagoyena)
- Mundu berri bat (Mikel Alvarez)
- Zirrara (Ane Cuesta)
- Talkak (Ilune Diaz eta Jordi Nuet)
- Betizu buru (Ander Iriarte)
Euskaltzaleen Topagunetik esan dute “denetariko lanak” aurkeztu direla, edukiz zein estiloz, eta asko dagoeneko zinema jaialdietan sarituak izan direla. “Orotara, 87 minututako film-labur sorta ikusgarria osatu da ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz”.
Horrez gain, sortzaile eta ikusleen arteko harremana “erraztu eta sendotzeko”, zuzendariekin solasaldiak antolatzeko aukera ere badagoela aurreratu dute. Gogoratu dute Laburbirak bi helburu nagusi dituela: “Batetik, euskal zinemagintza hauspotzea, zinemagileoi zuen lanak erakusteko aukera emanaz; bestetik, herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea”.
Alde horretatik, azken 20 urteetako ibilbide “arrakastatsua” goraipatu dute. Laburbira zinemagintzaren “erakusleiho erreferentziala” bihurtu da: “Zirkuitu egonkor eta zabal bat eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du”.