Ez da Hugo Aguilar eta Caja Rural-Alea kikilduko dituen euriterik
Caja Rural-Alea taldeko Hugo Aguilar madrildarrak sendotasunez irabazi du 21. Ereñoko Udala Sari Nagusia. Bere taldekide Lucas Joseph Towers izan da bigarrena, eta Eiser-Hirumet etxeko Iñaki Trujillok osatu du podiuma, euria eta hotza protagonista izan dituen lasterketan.
Egun gogoangarria eta gogorra bizi izan zuten zapatuan [martxoak 2] 21. Ereñoko Udala Sari Nagusian parte hartu zuten txirrindulariek. Euripean, haize ufada bortitzekin, bost graduko aldarte hotzagaz eta, tarte-marteka, elur euriagaz ekin zioten Euskaldun Torneoko bigarren proba puntuagarriari. Lasterketa osoan talde lan aparta egin ondoren, Caja Rural-Alea etxeko Hugo Aguilar madrildarrak poltsikoratu zuen garaipena, bere kirol ibilbideko estreinakoa. Talde horrek, gainera, podiumeko bigarren postua ere eskuratu zuen: Lucas Joseph Towers taldekidea bigarrena izan zen. Hirugarren postua Eiser-Hirumet taldeko Iñaki Trujillorentzat izan zen.
Hasiera-hasieratik, eta denboraldi hasierako lasterketa horretan ohikoa den legez, ihesaldi saiakerak nabarmendu ziren. Laga eta Laida hondartza inguruetatik, itzuli bitan egin zituzten lehen kilometro gorabeheratsuak eta, bigarrenaren amaieran, lasterketa jadanik apurtuta zegoen; tartean, Caja Ruraleko Mikel Uncillak egin zuen mugimendurik aipagarrienetako bat. Atxosteko tarteko helmugatik ziklista talde bat ihes eginda pasatu zen; multzo horretan zegoen, besteren artean, Eulen-Nuuk etxeko Xabier Aransolo gernika-lumotarra. Tropelean, ordea, Laboral Kutxak ardura guztia beregain hartu behar izan zuen, lasterketa buruan ez baitzuen garaipenerako bermedun ordezkaritzarik.
Muturreko ibilbidea.
Nabarnizko mendatea izan zen epaile lanak egin zituena. Besteak beste, Caja Ruraleko Jan Castellon mugitu zen taldean. Aurreko taldea are gehiago murriztu zen, eta lasterketa irabazteko lehen mugimenduak hasi ziren gailurretik bigarren mendatera, Angelutxura, bitartean. Ispasterko tarteko helmugan ere, lehia handia egon zen.
Irteera hartutako 149 parte hartzaileetatik 72 iritsi ziren helmugara
Eatik Natxitura arteko Angelutxuko aldapan eta Merru auzo inguruko koskatxoetan erabaki zen lasterketa. Irabazleak bertan egin zuen erasoaldi erabakigarria; erritmo itogarria ezarrita urratu zituen aurkariekiko aldeak. Ordurako, irteera hartutako 149 ziklistako tropela oso murriztua zegoen, eta talde bakoitzeko txirrindularirik sendoenak baino ez zeuden lehian. Azken kilometroetan, Caja Rural-Alea taldeak bikain kudeatu zituen lasterketa buruan zihoazen txirrindularien aukerak eta, azkenean, Aguilar madrildarrak ez zion garaipenari ihes egiten utzi. Garaileak 02.49.10eko denboragaz bete zuen 102 kilometroko eta 1.800 metroko desnibeldun ibilbide gogorra.
Hugo Aguilar: “Taldeak estrategia bat prestatu du, eta hori zurrun errespetatzen ahalegindu gara”
Podiumetik jaitsi berritan, Aguilarrek eguraldi petralak lasterketan utzitako ondorioak nabarmendu zituen: “Egun gogorra izan da, uneoro hotz handiagaz ibili gara. Taldeak estrategia bat prestatu du, eta hori zurrun errespetatzen ahalegindu gara. Nire lehen garaipena hemen lortzea ederra da, ibilbidearen gogortasunagatik, eguraldiagatik eta, batez ere, egindako talde lan politagatik. Taldekide asko irabazteko mailagaz agertu dira, eta azkenean niri egokitu zait”.
Caja Rural-Aleak, lasterketaz gain, tarteko helmugetako, mendiko eta taldekako sailkapenak ere irabazi zituen
Lasterketaz gain, liderraren elastikoa ere eskuratu zuen madrildarrak. Horrez gain, Caja Rural-Aleak mendiko eta tarteko helmugetako sailkapena eskuratu zuen, hurrenez hurren, Aguilarregaz eta Towersegaz. Ez hori bakarrik: talderik onenaren saria ere poltsikoratu zuten. Ziklista guztiek bizitako sufrikarioaren erakusle, 72 parte hartzailek baino ez zuten harrapatu helmuga lerroa.