Elkartasun aktiboaren asteko "balorazio positiboa" egin dute antolatzaileek
Asko izan dira Euskal Herrian egin dituzten ekimenak, tartean Gernika-Lumon eta Ean. Ekarpen ekonomikoa ere gehitu egin da egunotan: 60.094,86 euro batu dira orain arte.
Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak “balantze positiboa” egin du Palestinarekiko elkartasuna adierazteko amaitu berri duten Elkartasun aktiboaren asteak izan duen babesari erreparatuta. Asko izan dira Euskal Herrian egin dituzten ekimenak, tartean Gernika-Lumon eta Ean. Natxituan autoak apaindu zituzten, eta toki batetik bestera auto karabana zaratatsuan mugitu ziren; Eako ekitaldian Palestinan hildakoen izenak esan zituzten, eta herritarrek zapatilak utzi zituzten lurrean, biktimekiko elkartasun keinu gisa. Aste aktiboaren ekarpen ekonomikoa ere gehitu egin da egunotan; hain zuzen ere, 60.094,86 euro batu dira orain arte.
Han eta hemen, instituzioek, sindikatuek, ikasle erakundeek, norbanakoek, kirolariek edota kultur munduko eragileek euren alea jarri dute, eta jartzen segitzeko konpromisoa hartu dute, Israel egiten ari den genozidioa salatzeko asmoz.
Hain zuzen ere, atzo (martxoak 3), Bilboko Guggenheim Museoaren aurrean, nazioarteari azaldu nahi izan zioten zein den euskal herritarren elkartasuna palestinar herriarekiko. Ina Robles suhiltzaileak eta Joane Bañuelos ikasleak salaketa eta elkartasun agiria irakurri zuten, heriotza eta suntsipena Gazan nagusi direla azpimarratuz: “Heriotza eta suntsipena dira nagusi Gazan eta jada Palestinako txoko askotan. Gaur arte Israelgo gobernuak bere armadaren bidez 30.000 pertsona inguru hil ditu. Milaka pertsona zauritu, lekualdatu eta okupazioaren ondorioz, ura, janaria, erregaia, medikuntzarako hornidura falta eta deshidratazio larriaren ondorioz hiltzen ari dira. Israelgo soldaduek herriak, auzoak eta azpiegitura asko suntsitu eta hondakin bihurtu dituzte”.
Gehitu zuten ihesean ari diren milaka pertsonentzako “ez dagoela bizi aterpe segururik”, euren lurraldean palestinarrak “preso edo errefuxiatu” direla esanez: “Euren herriak heriotza kartzela bilakatu ditu israeldar genozidioak”.
Israelgo “ekintza genozidak” ez direla ehun egun hauetara mugatzen diote, prozedura horretan 75 urte daramatelako “herri oso baten ukazioa definitzen”. Salatu zuten Israelek Nazio Batuen ebazpenak urratu dituela etengabe: “Prozesu honetan, 75 urteko apartheida suntsidura, heriotza eta herri oso baten ukazioa definituz joan da. Historikoki egiaztatutako gertakari horien aurrean, gogoratu behar da Israelek etengabe urratu dituela Nazio Batuen ebazpenak, eta gaur egun egunero urratzen ari dela. Azken hilabeteetako izugarrikeriaren muga ezak, ordea, Israelgo okupazio militarraren helburua gordinki erakutsi digu: palestinar herriaren suntsidura”.
Diotenez, urriaren 7tik aurrerako palestinarren aurkako “genozidioak” jarrera “oso konprometituan” utzi du nazioarteko komunitatea: “Nahiago izan du modu irmoan ez inplikatzea eta pasiboki onartzea herri palestinarraren aurka Israelgo Estatua gauzatzen ari den sarraskia”.
Erantzun zabala.
Gernika-Palestina Deialdi Herritarraren helburua Euskal Herritik elkartasun erantzunik “ahalik eta zeharkakoena eta bateratuena” antolatzea izan da, oinarrizko hiru aldarritan oinarrituta: Israeli sarraskiagaz amaitzeko exijitzea, nazioarteko komunitatearen inplikazioa sustatzea eta palestinar herriaren eskubideekiko errespetua eskatzea.
Egoeraren larritasuna ikusita, “inoiz baino gehiago”, elkartasun ekimen aktiboak areagotzeko garaia dela uste dute: “Herriz herri, ikastetxez ikastetxe, lantokiz lantoki, beste behin, agintari eta erakundeei exijitzen diegu Israel behar dezatela Palestinan egiten ari den operazio militarrak berehala eteteko”. Era berean, nazioarteko komunitateak “neurri eraginkorrak” bideratu behar dituela esan dute, “oinarriko zerbitzuak eta laguntza humanitarioa bermatzeko”. Horregatik, laguntza humanitarioa emateko erakundeak “oztopatu eta kriminalizatu” beharrean, horiei laguntzeko deia egin dute. “Palestinaren eskubide nazionalengatik eta estatu propioa eta bideragarria eratzeko eskubideagatik, eutsi diezaiogun elkartasun aktiboari, gaur bezala eta datozen egunetan. Dena da gutxi, dena da beharrezkoa”.