Hekimen: "Beharrezkoa da euskal komunikabideen sektoreari beste bultzada handi bat ematea"
Hekimenek euskarazko komunikabideen egoerari buruzko hausnarketa bultzatu du gaur, urteko batzarra egin ostean. Adierazi dute "behar beharrezkoa" dela sektoreari "bultzada handia" ematea, eta horretarako konprimisoa eskatu diote administrazio publikoari.
“Administrazioentzako iritzi aniztasuna eta informazio eskubidea bermatzea oinarrizko zeregina da, demokraziaren oinarrizko zutabeak baitira. Alde bakarreko informazioa bakarrik ahalbidetzen duen sistema politikoak ez du demokrazia bermatzen eta zeregin horretan komunikabide libreen sustapena baztertu ezinezko zeregina da administrazioentzat, baita monopolio informatiboei mugak ezartzea ere. Tokian tokiko proiektu mediatiko indartsuak eta eraginkorrak sustatzea ere bada horien zeregina”. Hori dio Hekimen elkarteak euskarazko komunikabideen egoerari buruzko hausnarketa bultzatzeko kaleratutako oharrean.
Ondorioz, elkarteko kideek adierazi dute “behar beharrezkoa” dela sektoreari “bultzada handia” ematea: “Hauteskundeen atarian gauden honetan, datozen urteotan Eusko Jaurlaritzaren gidaritza eskuratzeko lehian ari diren alderdiei jakinarazi nahi diegu behar beharrezkoa dela sektoreari beste bultzada handi bat ematea, zailtasunak gainditu eta berriro ere eraldaketaren bidea indarrez hartzeko”.
Euskal komunikabideak baldintza “zailetan” sortu zirela gogoratu, eta azpimarratu dute ez zirela sortu etekinak ematen dituzten enpresa izateko, Euskal Herriaren hizkuntza, kultura, izana eta balore demokratikoak babestu eta indartzeko baizik. Eta, egungo aldaketa teknologiko, sozial eta belaunaldiartekoek birsortzera eroan dituztela gehitu dute: “Egotea ez da nahikoa, proiektu komunikatiboak edukitzea ez da nahikoa, garai berrietara egokitu beharra dago, eta horrek sortze garaian egindako ahaleginen parekoak eskatuko dizkigu”.
Eraldaketa sakon guztien kasuan modura, esan dute administrazioaren laguntza beharko dela prozesuak azkartzeko. “2019an abian jarri zen diru laguntza eredu berriak bultzada ekarri du euskarazko komunikabideak osatzen duten sektorearentzat, baina, zoritxarrez, pandemiak eta gerrak tarteko, eraldaketa prozesua galgatzen duten zailtasun gehigarriak sortu dira”. Erronka hori ez dela euskal komunikabideena bakarrik diote, “erakundeei ere badagokielako”.
“Gure izana, kultura, hizkuntza eta balore demokratikoak dira arriskuan egongo direnak, ez badugu berezko sare mediatiko anitza, ongi errotua eta euskalduna indartzea lortzen”, diote. Eta, eraldaketa prozesu sakonek “zailtasunak eta erresistentziak dakartzatela jakinda”, Hekimenekoak prest daude erroneki aurre egiteko.
Konpromisoak.
Aurrera egiteko bidean, konpromiso orokorrak hartu dituzte. Hala, berrikuntzan “ahalegin sakona” egingo dutela diote Hekimenekoek, sektorea bere osotasunean garatuz eta proiektu komunak sustatuz, atzean inor utzi barik. “Eraldaketa prozesua gure komunitatearekin eta administrazioekin batera egiteko konpromisoa dugu, garden jokatuz, jarrera eraikitzaileak sustatuz eta Euskal Herriaren behar komunikatiboak, kulturalak eta soziolinguistikoak buruan edukiz”, azaldu dute. Gainera, berrikuntzaren bitartez, eraldaketa prozesu osoa egiteko konpromisoa hartu dute, alor guztietan eraginez: kalitatean, kudeaketan, formakuntzan, egokitze teknologikoak zein hedapenean. Halaber, eraldaketa sakona gauzatu ahal izateko “beharrezko baliabideak” eskuratzeko bideak irekitzeko ardura ere hartu dute.
Hekimenekoek ardurak hartu dituzten era berean, bertako erakunde publikoei ere dagozkien konpromisoak hartzeko eskatu diete, horien zeregin nagusietako bat delako Euskal Herriaren izana eraikitzen duten elementuak babestea eta garatzen laguntza. Hekimenekoek esan dutenez, administrazioek badakite Euskal Herriaren eraikuntzan euskal komunikabideek betetzen duen funtzioa zein den, badakite euskararen berreskurapen prozesuan komunikabideek duten zeregina estrategikoa zelakoa den, badakite demokrazioaren sustapenean zein garrantzitsua den prentsa librea: “Horregatik, ezinbestekoa da eraldaketaren bide hau elkarregaz egitea”.
Iraganeko formulek ez dutenez balio, administrazioei eskatu diete beste eremu batzuetan egiten duten ahaleginaren parekoa egitea euskal kominikabideak sustatzeko. Hala, ekimenekoek uste dute administrazioek zenbait konpromiso hartu beharko lituzketela: administrazioek euskarazko komunikabideen sektorearentzako ezinbestekoa den egonkortasuna bermatzeko konpromisoa hartu beharko lukete, “euskarazko ekosistema mediatikoak iraun dezan”. Horretarako, digitalizazioak dakarrenera egokitzeko baliabide nahikoak eskaini beharko lituzketela uste dute. “Kalitatezko kazetaritzak eskatzen dituen lantaldeak eta haien soldata duinak bermatzeko konpromisoa hartu behar dute administrazioek”.
Horrez gain, euskal komunikabideen sektorea hitzez eta ekintzez prestigiatzeko konpromisoa hartu behar dutela diote, baita egokitzeak eskatzen duen malgutasunaz jokatzeko konprimisoa ere, inongo kanpo faktoreek eraldaketa prozesua zapuztu ez dezaten. “Euskarazko komunikabideen eraldaketan funtsezkoak izan daitezkeen aldaketa teknologikoetara egokitzeko bideak erraztu behar dituzte, eta egungo hutsune geografiko zein tematikoak betetzeko egitasmo berriak sustatu ere bai”, esan dute.
Eta ondorioztatu dute: “Iraungo badugu, komunikabide eraginkorrak, kalitatezkoak, anitzak, modernoak, herritarrekin harreman estua dutenak, gure kulturan ongi errotu daudenak, euskara ardatz dutenak, teknologikoki ongi garatuak, lantalde profesional formatuak dituztenak, berritzaileak, irudimentsuak eta egoki kudeatuak behar ditugu”.