"Antzerkiaren esentzia mantenduta, zinemagintzari keinu egiten dion lana da"
Khea Ziater konpainiaren proposamen berria da ‘La sed del minotauro’ antzezlana, bihar, 19:00etatik aurrera, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian ikusi ahalko dena.
Izaki nahigabetu eta desesperatuen istorioa kontatzen du La sed del minotauro antzerkiak. Zoriona konkistatzeko borroka galtzeari beldurra kendu dioten gizon eta emakume «bihotz handikoez» ari da. Taberna txiki batean gertatzen da, bezeroak maitasunaren bila sartu-irtenean dabiltzala, kanpoko mundutik ihesi. Pertsonaia horietako bat interpretatzen du Jon Ander Urresti aktore bermeotarrak, eta antzezlanean hiru maitasun mota islatzen direla dio.
Maitasuna bilatzeari buruzko lana da La sed del minotauro. Zer landu gura duzue obragaz?
Bost pertsonaien bitartez, zoriontasuna bilatzen ahalegintzen gara. Zitak ditugu, eta maitasuna aurkitzea da gure helburua, gure bizitzak onera aldatu gura ditugulako. Ondorioz, hiru maitasun mota erakusten ditugu: sortzeko dagoen maitasun gaztea, ilusioa sortzen duena da horietako bat; gastatuta dagoen maitasuna da bestea, urte asko elkarregaz daraman bikoteak erakusten duena, izan ere, horietako bat kartzelan dago; eta, badago maitasuna igarota duen pertsonaia ere, narratzailea dena, emaztea hilda daukana. Maitasunaren hiru forma ezberin horiek ikus daitezke antzezlanean, eta publikoa identifikatuta senti daiteke.
Errealitatea islatzen du beraz. Egunerokotasunean ematen diren ekintzak ageri dira?
Bai, taberna batean gertatzen da dena, denok ezagutzen dugun espazio batean. Komedia bat da, baina zuzendariaren hasierako asmoz ez zen komedia egitea. Gure helburua ez da barrea eragitea, nahiz eta pertsonaien ezaugarri patetikoek edo obrak duen erritmoak barrea eragin dezakeen. Badago ezaugarri komiko hori, baina, berez, istorioak oso tristeak dira, eta horien garapenak ez dauka bukaera zoriontsua. Baina egia da, kode eta erritmoan badagoela umorea.
Hala ere, istorio triste horiek pertsonaien positibotasunagaz uztartzen dira.
Esperantza da antzezlanaren hasieratik existitzen den sentimendu nagusia. Umorea modu klasikoan landu dugu, hala, errealitatea proiektatu dugu, eta ikusleak identifikatuta sentitzen dira: badaude zita aurretik ispiluaren aurrean zer esango duten praktikaten duten pertsonak, eta horrelako irudi klasikoekin publikoa identifikatuta sentitzen da. Beraz, bai, drama bat dago, baina modu umoretsuan.
Antzezlanaren beste ezaugarrietako bat da antzerkiaren eta arte zinematografikoaren artean dagoen harremana. Zein da horren helburua?
Antzerkiaren eta arte zinematografikoaren arteko harreman-kodeen bilaketan beste pauso bat da obra hau. Alex Gerediaga zuzendariak film eszeniko bezala definitzen du, eta hau da konpainiak horrela egiten duten zortzigarren lana, nire bigarrena eurekin. Hala, antzerkiaren esentzia mantenduta, elementu ezberdinen bidez, zinemagintzari keinu egiten dio lan honek. Esaterako, pantaila batzuen bidez, tabernatik kanpo gertatzen diren gauzak ikus daitezke; hau da, pantaila horiek leihoak irudikatzen dituzte. Horrez gain, interpretazio kodea –batzutan gehiago eta beste batzuetan gutxiago–, oso zinematografikoa da, antzerki klasikoarekin alderatuz gero. Estetika ere asko zaintzen dute, elementu askorekin: tabernako atrezzoak zinemara eroaten gaitu. Eta guzti horrez gain, antzerki honetan mikrofonoak ditugu, publikoak ikusi ez arren aktoreei ahotsa gutxiago proiektatzera laguntzen digutenak.
Zinemagintzako aipuak edo eszenak ere identifika daitezke, ezta?
Bai, gidoian zinemari keinu egiten dioten hainbat eta hainbat aipu daude, zinezaleek topako dituztenak, baita eszena edo erreferentziak ere.
Khea Ziater konpainiagaz egiten duzun bigarren lana da. Zelakoa izan da sortze prozesua?
Alexegaz prozesuak luzeak izaten dira, denbora hartzea gustatzen zaio, antzerkia apurka lantzea. Prozesu honetan, testua hasieratik egon da, Jon Gerediagak egin zuelako; gero, baina, Alexek bere ukitua eman zion. Testua erreferentea ez denean, hau da, testua autore testua denean, ez da jakiten nola funtzionatzen duen, zerk funtzionatzen duen. Ez dakigu zeintzuk diren eszena onak eta zeintzuk ez. Ondorioz, hasiera geldoa izan zen, zuzendariak zer eta nola gura zuen azpimarratu behar zelako, eta fase ezberdinak izan dira. Une jakin batean antzerki ilunagoa zen, baina ondorioztatu geenuen erritmo gehiago behar zuela, eta Espe Lopez zuzendariak lagundu zigun hori bilatzen. Elkarregaz lan egin dugu, eta gustura aritu gara.
Otsailaren hasieran estreinatu zenuten. Zelan hartu du publikoak?
Arriagan estreinatu eta nahikoa antzezlan egin ditugu orain arte: Sopela, Elorrio, Donostia eta Durango zeharkatu ditugu. Oso gustura gaude, ze antzezlanak funtzionatzen duela ikusi dugu. Publikoak gustura hartu du eta barre asko egiten du. Espektakulu adeitsua da ikusleekin, eta antzerkiak betetzen ari gara. Iritzi ona jaso dugu, eta ez bakarrik antzezlanaren amaieran jasotako iritziengatik, obra egiten gaudela publikoak adi-adi jarraitzen digulako ere bai, eta hori ona da. Aktore legez publikoa entzuten duzu, eta badakizu zurekin dagoen edo ez.