Ruth Torrek Elantxobeko eta Ibarrangeluko mediku izaten jarraitzea eskatuko dute
Ibarrangelu eta Elantxobeko udalek elkarretaratzea deitu dute domekarako (martxoak 3), 12:15ean, Ibarrangeluko plazan. Bi herrietan bere plaza mantentzeko medikuak adierazitako borondatea errespetatzeko eskatuko dute.
“Herritarren borondateagaz bat eginda”, Ibarrangelu eta Elantxobeko udalek, “harridura eta haserrea” erakutsi dute euren herriko mediku Ruth Torre Galdakao-Usansoloko osasun zentrora lekualdatuko dutelako: “Berak gure herrietan gelditzeko eskatutako barne mugikortasuna onartzea eskatzen diogu Osakidetzako zuzendaritzari”. Hori dela eta, elkarretaratzea deitu dute domekarako (martxoak 3), 12:15ean, Ibarrangeluko plazan.
Udalek jakinarazi dutenez, Torreri Elantxobeko eta Ibarrangeluko mediku izateko eskaera onartu egin zioten hasieran, baina, Enplegu Publikorako Eskaintzaren (EPE) plazen adjudikazioa egindakoan, “lehenbailehen Galdakao-Usansoloko osasun zentrora joateko agindu zioten”. Ondorioz, bi herrietan bere plaza mantentzeko medikuak adierazitako borondatea errespetatzeko eskatuko dute bi udalerrietako udal ordezkari eta herrietarrek. Eskaera argia da: barne mugikortasun prozeduraren bidez, Torre medikuari hasiera batean emandako erantzun positiboa mantentzea eta Elantxobe eta Ibarrangeluko medikua izaten jarraitzea.
Bi herrietako udal ordezkariek azaldu dute herri horietako medikua izatea “ez dela edozelako” lanbidea, jende nagusiak konfiantzazko harremana behar baitu: “Herriko medikuak erretiroa hartu zuenetik, Torre gure osasun zentroetatik pasatu den hirugarren medikua da. Bi urte baino gehiago daramatza gurekin, eta ibilbide honetan herritarren abegikortasuna irabazi du, bere postuari egonkortasuna eman dio, eta bere eguneroko jarduerak biziak salbatu ditu. Oso ondo zainduta sentitzen gara bera hemen egonda. Jende nagusiak, eta herritar orok, konfiantzazko harremana izan behar du bere medikuarekin, eta horrek gaixotasun kronikoen jarraipena egin behar du, bere historia-mediku osoa ezagutu eta zaindu behar du”.
Hala, leku aldaketa horiek lehen arreta zerbitzua “ezegonkortasunez” betetzen dutela diote, eta, era berean, “zalantzan” jartzen dutela euren herrietako lehen arreta zerbitzu egokia: “Galdakao-Usansoloko plaza hartzera behartzeak, bere borondatea errespetatu barik, herriko lehen arreta zerbitzua eta osasunaren eraginkortasunari eragiten dio, dantzarik dantza ipintzen baititu gure herrietako profesionalak”.
Salatu dute “lehendik ere badituztela nahikoa arazo” pediatria zerbitzuagaz eta udan ordezkorik ez izateak eragiten dituen kontsulta egunak murrizteagaz: “Eta, orain, bertoko plaza zalantzan jartzen da, profesionalaren erabakia errespetatu barik”. Hori dela eta, herritarrei domekako elkarretaratzean parte hartzeko deia egin diete.