Maila ona finalerdian islatu guran
Olatz Arrizabagalak eta Itxaso Erasunek Olatz Beitiaren eta Nora Mendizabalen kontra jokatuko du Master Laboral Kutxa Eskuz Binakako Txapelketaren finalaurrekoa.
Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarrak eta Itxaso Erasun zizurkildarrak Master Laboral Kutxa Eskuz Binakako Txapelketaren ligaxka euren multzoko buruan amaitu dute, sentsazio apartak erakutsiz. Domekan [martxoak 3], Elgoibarren, finalaurrekoa jokatuko dute, Olatz Beitia lekeitiarra eta Nora Mendizabal andoaindarra izango dituzte aurrez aurre.
Txapelketako fase erabakigarri horretara “freskotasunagaz” iritsiko direla argitu du Arrizabalagak. “Prestaketa ona eginda, bermeekin, eta lehiaketan oso zentratuta ekingo diogu finalaurrekoari; gainera, azken partiduaz geroztik atseden hartzeko aukera ere eduki dugu”. Txapelketa helburuetako bat dela adierazita, finalaurrekoan “kontzentratuta eta serio” jokatu beharko dutela azaldu du aurrelariak: “Erasunek aurkarien erasoaldiei eutsi beharko die, eta defentsa lana egin; izan ere, seguru gaude ni jokotik ateratzen edo, behintzat, ahal bezain aukera gutxien uzten saiatuko direla”. Horren aurrean, heltzen zaizkion jokaldiak errematatzen saiatu beharko da gernika-lumotarra, hau da, partidua “bere eremura eroaten”.
Euren burua “faborito” legez ikusten dute: “Azken partiduetako dinamikak ikusita, irabazteko aukera errealak ditugu”. Gainontzeko parte hartzaileei dagokienez, Enara Gamindek eta Madalen Etxegaraik osatutako bikotea nabarmendu du Arrizabalagak: “Gaminde, azken partiduetan, maila ikusgarrian dago. Guk bezalaxe, lanak edukiko dituzte finalaurrekoan aurrera egiteko, baina, egia esan, bikote sendoa eta arriskutsua da”.